bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Pro eta segur

Aritz  Sorzabal

 

“Guretzat garrantzitsuena pertsonak dira, giza ondarea. Profesional onenak ditugu gurekin, ez bakarrik egoki trebatuta daudelako, baita talde lanean aritzeko izaera dutelako ere”. Prosegur enpresako lagunen hitzak dira horiek; euren webgunean zintzilikatuta duten konpromisoen adierazpena, hain zuzen ere. Martxoaren hasieran San Mamesen gertatutakoa ikusita, talde lanean aritzeko gai direla ez du inork ukatuko; hori bai, “pertsonak” eta “giza ondarea” babesteko baino, jipoitzeko helburuarekin.

Athleticen eta Realaren arteko partida bukatu eta gero, Prosegurreko zaindariak gogor oldartu zitzaien Bilbora hurbildutako realzaleei, estadiotik irten zitezen. Neurriz kanpoko jarrera hori zela-eta, inongo arrazoirik gabe bortizkeria erabili zutela ikusita, Realak enpresa horren aurkako neurriak hartuko zituela aurreratu zuen; epaitegietara joko zuela, alegia. Izan ere, lekukoak eta zaurituen mediku-agiriak baitituzte froga gisa. Sarreraren bat eskuratzeko hemezortzi ordu ilaran egon ondoren, eta epailearen lan kaskarraren erruz derbian porrota jaso eta gero, etxera kolpatuta itzultzea zigor gehigarria izan zen realzaleentzat.

San Mamesetik gertu, Leioan, antzeko egoera baten lekuko izan nintzen duela hogei bat urte. Autobusez bidaia egiten nuen Bizkaia aldera, realzale askok martxoaren 4ean derbia ikusteko asmoz egin bezala; unibertsitatera joateko, nire kasuan. Kazetaritza ikasteko egunero 200 kilometrotik gora egitea neketsua zen; eta etxera itzultzeko lehen autobusa hartzeko egin beharra zegoen ilarak ez zuen gehiegi laguntzen, itxaronaldia Anoetako leihatila aurrean hemezortzi ordu egotea baino arinagoa izan arren. Hori guztia gutxi balitz, campuseko segurtasun zerbitzuaren mehatxuak ez zuen lasaitasunerako denborarik uzten; ikasleek protesta egiten zuten gehienetan, indarkeria erabiltzen baitzuten gazteen kontra. Testuingu horretan izan nuen, lehen aldiz, Prosegurren eta bere menpeko Protecsaren berri. Bi hamarkada geroago, segurtasunaren izenean edo, bistan da enpresa horrek “profesional onenak” trebatzen jarraitzen duela.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: