bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Aterpe bila Bidasoaren bi aldeetara

Juanma Sarasola

 

Gerretatik nahiz gatazketatik, hauen ondorioetatik, eta soldaduskatik ihesi joan izan dira euskal herritarrak mendeetan, beste hainbat herritako jendea bezala. Intsumitu, objektore, desertore… eta ondorioz errefuxiatu, ihesean atzemanak ez baziren, behinik-behin. Gazte nahiz zahar, gizonezko nahiz emakumezko, iheslari; izan ere, gizarte osoak pairatu izan ditu gerrak, batez ere zibil babesgabeek. Batzuetan aldez aurretik hanka egiten zuten gerrara joan nahi ez zutenek, eta beste askotan gerra hasita eta gain-gainean zutela itzuri joaten ziren familiak, leku seguruago baten bila. Gurean, Euskal Herrian, Bidasoa edo Pirinioak alde batera edo bestera zeharkatzea izan da herritar andana baten salbazioa… edo batzuetan kalbarioa.

 

Maiz besteen gerrak jasan behar izan ditugu, haietan borrokatzera behartuak izan gara, bando baten edo bestearen alde, eta askotan elkarren kontrako bando banatan armak hartuta, batetik Espainiaren menpeko euskal herritarrak, eta, bestetik Frantziaren uztarripekoak. Euskal anaiak elkar hiltzen, buruzagi arrotzen aginduetara.

 

Gure eskualdean, Behe Bidasoan, mendeak dira intsumitu, desertore eta errefuxiatuek ibaia, zubiak edota mendiak erabili behar izan dituztela beren buruak salbatzeko. Hala hegotik iparrera, nola alderantziz. Horren berri hainbat iturritan irakur dezakegu: bertsoetan, eleberrietan, agiri ofizialetan… Zenbaitetan modu nobelatuan kontatu izan dituzte egoera gogor horiek. Esate baterako, Frantses Iraultzaren ondorioz makina bat lapurtar, baxenafar eta zuberotar aterpetu ziren Gipuzkoan edota Nafarroan, frantziar jakobinismo etnizida eta homogeneizatzailearen atzaparretatik eskapo. Horixe azaltzen du Toti Martinez de Lezearen ‘Kate hautsia’ eleberriak, benetako gertaerak asmatutako pertsonaien bidez kontatuta.

 

Anjel Rekalderen ‘Dorregarai’ eleberrian, belaunaldiz belaunaldi arrazoi ezberdinengatik Bidasoa norantza batean edo bestean pasatu behar izan zutenen istorioak aletzen dira. Bigarren karlistadan Hego Euskal Herritik Lapurdira alde egindako gazte baten ondorengo bat antzeko egoeran aurkitzen da handik urte batzuetara, baina kontrako norantzan ihes egitekotan; izan ere, Frantziako armadari uko egin, eta intsumitu bihurtuta, Nafarroara hanka egiten du.

 

Hendaiako hiru kasu

 

Zer diren gauzak, nobela erakargarri hori irakurri eta hainbat urtetara, antzeko kasu bat ezagutu nuen Hendaian. Eta kazetari gisa, horren berri emateko aukera sortu zitzaidan Extefana Irastortza (sortzez Iribarren) ezagutu eta urte batzuetara, 2009ko irailean, hari egindako elkarrizketaren bidez. Zubernoa auzoko baserritar izandako amatxi olerkari horren esanetan, bere aitatxik 18 urterekin ihes egin zuen bere jaioterritik, Goizuetatik. Bigarren karlistada garaia zen. Hendaian gerizatu eta errotu zen goizuetarra, eta honen arreba bat –lanera edo– Gipuzkoara joan zen, Altzara -artean herri independentea zela-. Alabaina, halako batean Ganix (Jean) Iribarrenek -mutil goizuetarraren semea eta Extefanaren aita- beste gerra batean murgilduta ikusi zuen bere burua: I. Mundu Gerran. Armetara deitu zuen Frantziako Estatuak, eta Flandes aldera bidali zuten.

 

Zorionez, hango triskantzek ez zuten harrapatu, eta alaba bat jaio zitzaiolako 15 egunerako Hendaiara itzultzeko baimena eman zioten. Etxean zela, eta baimena bukatzear, aitak esan zion ez zuela zertan gerrara -hiltzera, beharbada- itzuli behar, eta bestelako aukera bat eskaini zion: Altzara joatea, izeba bizi zen baserrira. Beraz, emaztea eta alaba jaioberria atzean utzi, eta izebaren etxean hartu zuen aterpe Ganix gazteak. Bi urtez-edo igandero senar-emazteak Bidasoa ibaiaren ertz banatan egokitu, eta horrela elkar ikusten eta oihuka komunikatzen ibili ziren, harik eta ama, bi urte eta erdiko alaba altzoan, mendiz muga pasatu zuen arte, Berara. Gero Altzara, senarrarekin elkartzera. Han jaio zen Extefana, 1925ean, eta lau urte zituela Hendaiara itzuli zen Irastortza-Iriabarren familia. Ez zen, ordea, gerra hotsetatik libratuko. 1936ko gerra ibaiaren bestaldetik ikusi, eta berehala Hegoaldeko errefuxiatu ugari izan zituzten inguruan, Hendaiako karriketan eta kanpainetan (baserrietan). Gerra hura bukatu eta gutxira, zer eta nazien okupazio eta errepresioa. Bere familiak ez zuen errepresio zuzenik pairatu, baina hendaiar asko eraman zituzten alemanek, tortura guneetara edota kontzentrazio eremuetara. Hegoaldeko gudari eta miliziano askoren patua ere izan zen hori, hala nola Kepa Ordoki gudarien komandante irundarrarena. Honek bederen Gurseko (Biarno) kontzentrazio esparrutik ihes egitea lortu zuen, eta nazien kontrako erresistentzian Gernika Batailloia gidatu zuen gero.

 

Beste gerra bati ihesi joanda egokitu zen Lapurdin Mixel Berraren aita. Honek Astigarragakoa zuen aita, eta Espainiak Marokoko Rif eskualdean abian zuen gerrara joateko batere gogorik ez izaki, desertore egitea aukeratu zuen. Hendaian hartu zuen bizilekua, karrikan lehenik, eta Marizabalenea eta Olaso baserrietan gero.

 

Kote Ezenarro Hendaiako auzapez edo alkate izandakoak ere aita Hego Euskal Herrikoa zuen, 1936ko gerraren ondorioz errefuxiatu bilakatuta. Zenbat eta zenbat halako!

 

Gure herriaren memoria berreraikitzen ari garen honetan, eta instituzio batzuetatik ‘gatazkaren errelatoa’  idazteko hasitako lehia pil-pilean dagoen honetan (zenbaitetan ‘erre-lata’ izateraino ikuspuntu bakarra mediatikoki errepikatuta), ez legoke gaizki arestian aipatutako egoerak ere jasotzea eta antzekoak ikertzea. Guk eta datozen belaunaldiek jakin dezagun nondik gatozen eta zeren ondorio eta noren ondorengo garen. Atzerritarren eskuetan eta horien interesen mesedetan -eta etxekoen jokabide egoisten menpe ere- txotxongilo ezjakin eta inozo izateari utz diezaiogun.

 

P.S.: Extefana Irastortzari egin nion elkarrizketa duzue hemen:
http://xaun-enea.blogspot.com/2011/10/karrikakoak-frantsesez-mintzo-ziren-eta.html
Eta Gorka Knörren ‘Azken agurraren negarra’ kantua abiapuntutzat, ‘Berria’-ko ‘Matraka’ gehigarrian idatzi nuen erreportajea hemen:
http://xaun-enea.blogspot.com/2011/11/aberri-arrotzarengatik-hilak-morts-pour.html

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: