bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Ostadarraren zubian nahiz bukaeran dagoen altxor irundarra

Juanma Sarasola

 

Kondaira batek dio ostadarraren bukaeran urrez betetako eltzea, iratxo eta galtzagorriez inguratua, atzeman dezakeela haren bila abiatzen dena. Orain azalduko dudan kasu honetan, ordea, urrea ez dago ostadarraren hondarreko muturrean, denboraren bihurguneetan baizik. Unez une, eta protagonistaz protagonista lekukotasunak jasotzen, horrela ari naiz gure herrian sakabanatuta dauden altxor ugarietako batzu-batzuk biltzen. Denboran atzerako bidaia eta atzerabegirako kritikoa da, nostalgia edo oroiminik gabekoa. Zeregin horretan murgiltzen naiz, tarteka, udaz geroztik. Neronen ekimenez eta neure kabuz, eta hainbat eta hainbat lagunen eskutik. Ikertze eta biltze lanetan hara eta honara ibilki naiz, hitzorduak finkatzen, gure mutiko ttikiaren eta neskalagunaren erritmoetara egokituta, langabeziaren itsasoan nabigatuz portu on batean aterpetzeko esperantza itxekitzen dudalarik. Zehazki, Euskal Herrian 1980ko hamarkadaren hasieratik 1990eko hasierara izandako musika, kultura eta gizarte mugimendu loraldia edo eztanda aztertzen dihardut, Iruni dagokionean eta gure herria ardatz izaki.

Arront gustura eta jakinmin haundiz egiten ari naizen joan-etorriko bidaia sorta da, alor askoren ageriko etorbide zabaletan nahiz kalexka gordeetako zirrikituetan barrena. Ezin kexa naiteke, beraz, istorio, pasadizo, datu eta xehetasun mamitsu franko ari bainaiz zakutoan biltzen, koaderno eta grabagailuaren bitartez. Kontent, nere jakinmina asetzeaz gain, jende askorena ere asetzen saiatuko naizelako, ondo bidean liburu gisa kaleratzen eta partekatzen dudanean, heldu den neguan-edo. Bitartean, arian-arian, altxorra, altxor zatiak, aurkitzen ari naiz, bidaiaren hasiera-hasieratik.

Altxor bilatzaile, eta iraganeko nahiz gaur egungo oihartzunen harrapatzaile. Lan polita, lan mardula, lan luzea. Baina inola ere ez lan pisua. Astuna izan daiteke gogorik gabe egiten dena, edota inposatzen zaiguna, baina ez norberak -lehenago beste askok bezala- urratsez urrats gogotsu urratzen duen bidea. Garai hartako protagonistak eta lekukoak elkarrizketatzen ari naiz pittaka-pittaka, aldez aurretik finkatutako ibilbide bati segika, baina, noizean behin bide adar batzuetatik joan-etorria egiteko beldurrik gabe; izan ere, ustekabeek ez dute inoiz bideseinalerik izaten haiekin topo egiteko. Horren adierazle, elkarrizketatu batek kontatua, nola ibilki ziren kalean bera eta beste taldekide ohi bat tatxet eta punk txapaz hornitutako kaiku koadrodunekin (batek kaiku gorri-beltza eta besteak berde-beltza), eta zer-nolako begirada harrituak eta gutxiesgarriak jasotzen zituzten ezker-eskuin, euskaldunen zein erdaldunen aldetik (ez dugu oraingoz ‘tradizioaren urratzaile’ haien izenik emango). Edota, orain bai, izenak jakinarazita, nola irakasten zizkion Iñigo Muguruzak Fermin anaiari gitarrarako akordeak gutunetan bidalita, azken hori Salamancan ikasten zebilela.

Musika alorrekoak izango dira liburuan nagusi, baina honako eremuetan barrena ere banabil istorio eta pitxiak biltzen: Angula irrati librea, antzerkigintza, bertsogintza, literatura, gazte asanbleak eta okupazioak, gazte mugimendua, feminismoa, ekologismoa, kontzertu argazkigintza, diskodenda alternatiboak eta diskoetxe autogestionatuak, tabernarien ikuspuntuak, antimilitarismoa, euskalgintza… Esparru anitz eta askotarikoak, 83-93 urte arteko saltsa-maltsa hura biltzeko, eta hark Irungo gizarteari egindako ekarpena begirada kritikoz aztertzeko, beti ere elkarrizketatuen ahotsetan. Protagonista batzuk, gainera, arlo ugaritan parte hartuak, hala nola Mariano Diez.

40 bat buru, hainbat aburu

40 bat elkarrizketa, Euskal Herri osoa astindu eta zipriztindu zuen sumendi haren laba gehiegi gogortu baino lehen Irungo kontuen bilduma batean jasotzeko, ahozko historia gisa paperean islatzeko. Garai hartako zirrikitu guziak edo gehienak bertatik bertara ezagutu zituenak haiek gogora ditzan, eta ezagutu ez zituenak haien berri izan dezan. Oroitzeko, oroitarazteko, ulertzeko, ikasteko. Esaterako, ikus dezagun zer-nolako pluraltasuna eta aberastasuna zegoen -jatorri, ideologia, eduki, estetika eta estiloetan- hain ganbara ttiki eta ilun batetik emititzen zuen Angula irrati librean, non, besteak beste boluntarioki aritu ziren jarraian aipatutakoak, ondoan oraingo beren aktibitateak azalduak dituztela: Gorka Berges (gazteenetakoa orduan) Real Unioneko prentsa eta marketing arduraduna; Paco Carrillo banketxeko langile eta Buenos Amigos konpainiako kapitaina; Toño, CNTko anarkosindikalista; Xabi Llucia orduan Jarraiko kide, geroago euskal presoa, eta orain metal arloko langilea eta ikasleen gurasoen elkarteko ordezkaria; Igor San Jose ‘redskin’-a, gerora kulturista izandakoa eta egun metal arloko langilea; eta abar. Protagonista eta lekuko franko, baina ezin guziak elkarrizketatu, ez baita nere asmoa entziklopedia egitea, irakurtzeko erraza eta arina den liburua baizik, mamitsua eta frexkoa, beti ere. Horixe da asmoa, eta horretan dut gogoa.

Gozatzen ari naiz, gozatzen ari naizenez, bidea egiten. Abiapuntu eta motibazio berezia dut, jakinmina asetzearenaz gain. Neroni ere saltsa haietan parte hartu izanaren satisfakzioarekin jokatzen dut, eta kasu batzuetan beste protagonistekiko hurbiltasunak edota ezagutzak ematen duen abantailarekin -batez ere elkarrizketetarako kontaktuak lortzeko tenorean-. Hala errazagoa eta erakargarriagoa egin zait bidaia honetarako animatzea eta prestatzea. Sumendiaren leherketa hurbiletik oroitzeko eta interpretatzeko bidelagunak -tarteño baterako- ez zaizkit falta, zorionez.

Saltsa haietan hein batean edo bestean murgilduta egon ziren eta historialariaren ikuspuntu kritikoa eman(go) didaten Aitor Puche eta Mertxe Trancheren ekarpenak papereratzekotan nabil. Ibili ere banabil garai hartako kontakizunak egungo galbahetik pasatuta grabatzen, orduko argazki, pegata, eskuorri eta fanzineak eskuak zabalik hartzen. Irunen eta Bidasoaldean txalaparta eta tobera berreskuratu zituzten Sorzabalbere lehengusuen ttakun-ttakunak dezifratzen, Kortaturen eta Baldin Badaren ska eta punk-rock erritmoak notaz nota errepasatzen, Vomitoren eta Anti-Regimenen punk ziztadekin berriz gorputza astintzen, Caid Deceit eta Trasgo talde heavyen intentsitate eta gitar punteo bizkorrak gogorarazi nahian, Temblores rockabillyen martxarako tupea orrazten, Latitud Ceroren pop-rock doinuekin Jose Marugan Mark Knopfler gisa idurikatzen, edota Jeremiah Johnsonen boz eta letra penatuekin bihotz urratuak sentitzen eta konprenitzen.

Xehetasun ttikien xarma

Ahoa bete hortz geratu nintzen Mattin Sorzabalbere ‘orchestra-man’ miresgarriari entzutean, joan den urrian kontatu zidanean Irungo zenbat eta zenbat taldetan aritu edota kolaboratu zuen -askotan aitzindari-, eta nolako abenturak izan zituen taldekide zein gogaide batzuekin Londresen ‘squatter’ filosofia hezurmamitu zuenean. Batzuentzat xehetasun eta anekdota ñimiñoa dena perla deigarri bihur daiteke besteon begietan, halakoxea baita pitxi batzuen distira eta indarra, suterik haundienak pizteko gai den pindarra, zeinahi liluratzeko sugarra.

Hain zuzen ere, suaz mintzo -kanpo nahiz barne suaz-, aipa dezadan liburuan kabida izango duela ere mugimendu antimilitaristak, borroka batzuen txinparta berpiztu eta gizarte osora zabaldu zuena hamarkada hartako bultzada eta sormena ahultzen ari zirenean. Iñaki Martin ‘Grillo’-ren hitzetan, soldaduskarekiko objekzioa eta intsumisioa bultzatzeko kanpainen eraginari errepasoa egingo diogu. Ikerketako beste alorretan bezala, hor ere hainbat irundarren esku-hartzea islatua geratuko da, hain justu, ikuspuntu eta taktika ezberdinetako protagonistena, enumerazio xume batean bada ere: Iñaki Ausan, Asier eta Iker Ursua, Tzazu, Endika Del Rio, Bittor Barcena, Urko Ikardo, Gaston Larzabal, Fermin Vila, Iñaki Telletxea… Liburuan, atalez atal, jende mordoxka zuzenean mintzatzeaz gain, ugari izango dira ere zeharka edo hirugarren pertsonan kontakizunetan agertuko direnak. Eta, halarik ere, ezin garaiko parte-hartzaile guzi-guziak papereratu.

Pasibitatea eta indibidualismoa gizartean nagusitzen eta barrenak jaten ari zaizkigun honetan, ekintza zuzenaren, inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren garai haietatik badugu zer ikasi, baita, nola ez, ordukoa hobetzerik ere, dena ez baitzen perfektua eta ederra izan. Errepresioa, droga menpekotasuna, pertsonen anulazioa, heriotzak… Sega zorrotzak hainbat irundar jo edota eraman zituen, gehienak ezezagunak -publiko orokorrerako-, batzuk ezagunak, Vomitoko kantari Victor Perez, esaterako. Garai eta une latzak ere biltzeari ekin diot, ordu hartan ere ekaitzak gogor jo baitzuen.

Victorri hainbat taldek 1995ean egindako omenaldia -‘the show must go on’, diote arte ikuskizunen munduan- izango da liburuaren epilogoa, erabat eten ez ziren katebegien erakusgarri.  Energia hori ez baitzen galdu, desagertu… eraldatu baizik. Argi-ilunen artean nagusitzen da ostadarra, gauzak gogotsu egin zituztenen indarra. Oihartzun sendokoa eta iraupen luzekoa baita bizirik sentitzearen deiadarra.

Single Post Navigation

One thought on “Ostadarraren zubian nahiz bukaeran dagoen altxor irundarra

  1. Dotorea sarrera. Zorionak

    Ea nola jarraitzen duen. Sorte on argazki zein bildumekin.

    Mattin

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: