Mila esker Mitterrand?!
Aitziber Zapirain
Mitterand jaun agurgarriari eskerrak eman beharko dizkiogu gainera. Izan ere, 30 urte bete berri dira Frantziar estatuan irrati libreak, komunitarioak edota irrati elkarteak (norberak dei ditzala nahi bezala, azken batean komunikazioa demokratizatzearen alde, lan egiten duten komunikabideak baitira denak. Adierazpen askatasuna giltzarria delarik) legalak bilakatu zirenetik. Atzean, oso atzean gelditu da irrati piraten garaia.
Hala, FARLek (Fédération d´Aquitaine des Radios Libres) ospakizun kongresu bat antolatu zuen azaroaren 8tik 10era Bordalen. Hantxe izan ginen euskal herritar asko. Esan beharrik ez baitago, Frantziako presidente ohiak plantan jarririko legeak Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nafarroa harrapatu zituela bete-betean. Eta kasu honetan, “zorionez” adjektiboa erantsi dezakegu.
Radio Kultura eta Euskal Irratiak federazioa izan ginen han. Historian atzera egiteko aukera ukan genuen. Baita etorkizunerako bidea irekitzeko beta ere. Aro digitalari, beldurrik gabe so egiteko erabaki irmoa hartu baikenuen. Arrain handiak ezin du txikia jan. Ez horixe. Ez gaitzala harrapatu! Baina hori eztabaida luze eta sakona da.
Kongresutik ideia bakoir ugarirekin etorri ginen etxera. Aurrera goaz. Eta gezurra badirudi ere, jende askok lan egiten du komunikazioaren etorkizuneko bidea, bestelakoa izan dadin. Bolondreski edo modu militantean (deitu nahi bezala) egiten den lana da.
Legearen ospakizunetik haratago, eskualdera etorriz, 10 urte bete ditu Antxeta Irratiak 2011.urte honetan. Bere kide diren Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza berriz, hiru hamarkada betetzear daude! Legeak bezain besteko bizia dute Euskal Herriko irrati libre historiko hauek. Hauek bai egin dutela historia. Egin eta kontatu. Komunikabidearen helburua kontatzea baita eta ez egitea. Baina egoera zailak bizi behar izan dituztenez aurrera egiteko, egin ere, egin dutela esan daiteke. Zorionak hiruei bihotzez!
Araua sortu baino lehenago martxan ziren dagoeneko hainbat herritar Iparralde txiki honetan. Beraiei esker, hiru belaunaldi osok irratia euskara hutsean ezagutu dute. Eta hala jarrai dezala aurrerantzean ere.
Gehiegi luzatu gabe, ospakizun kanpainak egiten ari dira delako hiru irratiak. Antxetak amaitu du berea dagoeneko.
Beraz alde batetik, esker mila berriz ere irratiaren bidez euskarari hauspoa zabaldu zenioten herritarrei eta bitxi egiten bazait ere, legea asmatu edota onartu zutenei ere, bejondeizuela!
Esaten da, hegoaldea hamar urte aurreratuago bizi dela iparraldeari konparaturik. Hau egoera politikoari dagokionez. Frekuentzien legalitateari begira aldiz, hiru hamarkada atzerago dago hegoaldea. Egoera aldatuko delakoan, mila esker Miterrand?
Ahaztu gabe gure eskualdean aitzindaria izan zen Angula Irrati librea, Irungoa, 80eko hamarkada bukaeratik 90eko hasiera arte iraun zuena, harik eta agintariek itxiarazi zuten arte, SER Irunen mesedetan.