bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Sagarra, Manzanas… ikatza, biktimatzen

Juanma Sarasola Murgia

Taupadak ia gelditu zitzaizkidan zerrenda irakurtzen ari nintzelarik. Nere aitona irundarra agertzen zen aktoreen zerrenda berean begietara ‘jauzi’ egin zidan izen-deitura bikote hark: Meliton Manzanas! Nolaaa? Ba ote? Ezin nuen sinetsi. Eta ezin nuen informazio hura berehala kontrastatu. Leioatik etxera itzuli arte itxoin beharko nuen. ETAko komando batek Irunen 1968an hildako torturatzailearen taulakidea izateaz gain, laguna ere izango ote zen attona Adrian? Galderaren erantzuna jakin baino urte batzuk geroago, 2001ean, Aznarren gobernuak Manzanas “terrorismoaren biktimatzat” jo eta Real Orden de Reconocimiento Civil delakoaren hil-ondoko domina eman zion haren familiari. Borreroa biktimatzat jo, eta honen biktimak iraindu zituen horrela Etxalarko organu jotzailearen bilobak, Jose Maria ‘biboteduna’-k: torturatuak, errefuxiatuak, naziei entregatuak -Lluis Companys Kataluniako president izandakoa, kasu- eta hilak.

Baina itzul gaitezen Leioako Unibertsitateko liburutegira. Behin eta berriro irakurri nuen testu hura. Liburu artean saltseatzen ari nintzela begiz jo nuen ‘Irun en el siglo XX’, Emilio Navasek idatzitako lan mardularen 1.go zatia. Axaletik begiratu ondotik, izenen aurkibidera jo, eta ea Murgia-rik agertzen ote zen bilaka hasi nintzen. Baita aitona eta honen anaietako bat agertu ere. Zuri gainean beltzez betikotuta zeuden orrialdeak jakinmin haundiz goitik beheiti arakatu nituenean gertatu zitzaidan ustekabea: aitona han zen, baina ondoan ageri zen ere gerora Francoren diktaduran poliziaburu, torturatzaile eta Gestaporen kolaboratzailea izan zena. 1933ko antzezpen batzuetan beste hainbat irundarrekin batera, baina batez ere nere aitonarekin Manzanas ikusi izanak kezkatua lajatu ninduen. Buenos Amigos elkarte katolikoko kide eta antzezleak ziren guziak ere. Aitona eta honen anaia irrintzilaria -Moises- arront ezagunak egin ziren Irungo gizartean, 36ko gerra aurretik nahiz ondotik, eta alardean Buenos Amigos konpainiako sortzaileetako batzuk izan ziren, baita nere aitona bandera eramalea ere. Ez nekien, ordea, aitona aktorea -afizionatua- izan zenik ere, are gutxiago frankismoan torturatzaile izandako batekin aritua.

Irunera bueltatu nintzenean amari eta amonari kontatu nien irakurri nuena. Ezin aitonari galdetu, ordurako hila baitzen. Amonari galdetu nion ea taulakide eta elkartekide izateaz gain lagunak ere baziren. Amonaren erantzunak lasaitu egin ninduen. “Ez. Buenos Amigosko kontuetan -antzerkian esaterako- ibili ziren gerra aurretik, baina gero elkarrengandik urrundu ziren”. “Ufff”, esan nuen neure kolkorako.

Liburuak Buenos Amigoskoen antzezpen batzuen berri dakar, 320tik 325erako orrialdeetan. Horietako batean, Arnichesen komedia bat aipatzen du, ‘¡Qué hombre tan simpático!’ Izenburukoa, eta honako zerrenda ageri da -deiturak erdal grafian-: “Francisco Barandiaran, Angel Lecuona, Eusebio Escalante, Meliton Manzanas, Hilario Pazos, Fernando Sagües, Remigio Gorostidi, Adrian Murguia, Miguel Hazen, Jose Alberdi, Manuel Berroa, Jose Garcia, Enrique Sarralde, Alberto Moreno, Feliciano Garcia, Carlos Estomba, y Bernabe Merino”.

Manzanas eta Carrero

Meliton Manzanas poliziaburua, eta Luis Carrero Blanco almirante eta diktadurako gobernuko presidentea (‘caudillo’-aren aginduetara, jakina). Hiru gauza zituzten eta dituzte komunean: lehenik, Francoren diktadurako elementu garrantzitsu eta krudelak izan ziren; bigarrenik, ETAk hil zituen biak; eta, hirugarrenik, biak ala biak “terrorismoaren biktima” gisa azaltzen dituzte Espainiako Gobernuak, eta elkarte eta komunikabide batzuek.

Aitzitik, oraindik ere segitzen dugu estatu terrorismoaren eta gehiegikerien biktima ugari -euskal herritar, katalan, galiziar eta espainiarrak- aintzat hartu gabe eta hiltzaileak, torturatzaileak eta hauen arduradun polizial edo politikoak ikertu eta epaitu gabe. Irundar baten kasua aipatzearren, hor dugu Josu Zabala Eraso, 1976ko irailaren 8ko Hondarribiko alardean parte hartu ondoren guardia zibilak tiroz hil zuena, amnistia exijitzen zuen manifestazio bat sakabanatu eta gero.

Ikus dezagun ‘Rebelion.org’ webgune kritikoan auzi horietaz zer dioen Salvador Lopez Arnal idazle eta UNEDeko irakasleak: “(…) Aurrekariak, orain arte dagoeneko ibilitako bidea ezaguna da [sic]: Luis Carrero Blanco almirante frankistaren senideak terrorismoaren biktimatzat hartzen dituzte; ez dira, ordea, hauen senideak: Julian Grimau, Puig Antich, Txiki, Otaegui, Sanchez Bravo, Enrique Ruano, eta, argi dago, ezta 1939 eta 1950eko hamarkada artean hil zituzten milaka eta milaka borrokalari errepublikanoenak ere -ez zuten benetako epaiketarik izan, eta “ebazpenek” jantzi juridiko faltsuekin estaltzen zituzten frankismoaren krimenak, argiago esateko Estatu terrorismoa-”.

AVT edo Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, bitartean, “biktimekiko irainak” eta “terrorismoaren apologia” leporatuta, hainbat musika talde auzitara eraman ditu urteotan, hala nola Soziedad Alkoholika, Banda Bassotti, Betagarri… eta abar. Fermin Muguruza irundarrak eta Manu Chaok ere salaketak eta kontzertuak bertan beheiti uzteko presioak eta mehatxuak jaso izan dituzte biktimen erabilera egiten dituzten elkarteen eskutik. Banda Bassotti talde italiarra salatu bazuten, Etxamendi eta Larralderen ‘Yup La La!’ kantuaren bertsioa egin zutelako izan zen (Ikus: http://ttiki.com/32412). Baina orain borroka armatuaren aro guzi-guziak -baita frankismo eta posfrankismo garaikoak ere- “terrorismotzat” jotzen dituztenen artean, zenbatek ez zuten kantu ezagun hori kantatu edota Carrerok “hegan” (kantuaren letrak dioen bezala) egin zuenean txanpain botilak ireki eta ekintzagatik ospatu? Diktadurapean ospatu zutena demokrazian (edo sasidemokrazian) ukatu?

Biktimen zerrendak eta gatazkaren kontakizunak -edo batzuen hitzetan, “ETAren terrorismoaren ondorioen errelatoa”- bolo-bolo eta komunikabideetan behin eta berriro modu partzialean agerrarazten ari diren honetan, “biktima ahaztuak”, “biktima ukatuak” eta “biktima faltsuak” hitzak datozkit gogora. Eta azken horiei lotuta Manzanas eta Carrero, frankista uniformedun batzuk aipatzearren. Lehenaren antzezlanez inor gutxi oroitzen da gaur egun, eta gazte denborako komedia eta jolas alai haiek tortura eta jolas beltzengatik ordezkatu zituen -jatorri eta ideologia ezberdineko herritar eta ekintzaileen kaltetan-, harik eta tragediaren bidean rolak aldatu zitzaizkion arte.

P.S.: Bitxikeria moduan, orain ‘Irun en el siglo XX’ liburuaren 1. zati hori berriro irakurrita, Buenos Amigosko kide gisa ageri da Luis Mariano, gerora familiarekin erbestera joana eta kantari ospetsu bilakatua. Hain zuzen ere, 323. orrialdean esaten denez, 1933an bere marrazki bat aukeratu zuten San Pedro eta San Martzial jaietako programaren azalerako.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: