bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Betiko errezeta

Aritz Sorzabal

Egun gogorrak izan dira niretzat, erdi gaixo, erdi griposo, joan behar izan baitut lanera. Farmazian eman didaten botikak ondoeza arintzeko balio izan dit, baina konponbidea gaixotasuna baino okerragoa izango den zalantza dut orain. Hain zuzen ere, botikaren erabilera-orrian irakurri dudanez, positibo emango nuke gaur bertan doping kontrola egingo banu, eta baldintza horietan laneko urteko azterketa medikura joatea lotsa ematen dit. Irundarra naizela kontutan izanik, klenbuterolez kutsatutako haragiaren aitzakia erabiltzeko aukera badut, baina hobe dut egia esan eta hotzeri arruntaren aurkako sendagaia hartzen ari naizela aitortzea. Azken finean, ez dut ezer txarrik egin eta, demokrazian bizi garela diotenek harro nabarmentzen duten moduan, errugabea naiz kontrakoa frogatzen ez duten bitartean.
Bada, topiko horretaz nazkatuta nago. Izan ere, egunerokoak erakusten du, errugabetasuna frogatuta ere, zenbait herritar errudun izango direla beti arlo politikoari dagokionean; euskalduna, gaztea eta independentista izanez gero, bederen. Zorigaiztoko egoera honen azken adibidea martxoaren etorrerarekin izan dugu; Izpuran itxialdia egin zuten lagunen atxiloketekin, hain justu. Zortzi gazteak Ipar Euskal Herrian ziren joan den urriaz geroztik; Hegoaldean hainbat gazte independentisten kontra literatura hutsean oinarritutako sarekada egin zutenetik. Ezer ezkutatzeko ez dutela argi uzteko, otsaila bukaeran itxialdia egin zuten Nafarroa Behereko herrixka hartan, baita prentsaurrekoa eman ere. Euroaginduaren mehatxua dela-eta Espainiaratzeko arriskuaz hitz egin zuten eta, behin itxialdia amaituta, deliturik egin ez dutelako, bizitza publikoarekin jarraituko zutela jakinarazi zuten. Izpurako protesta bukatu eta bi egun geroago, ordea, banan-banan, gazteak atxilotzeari ekin zion Frantziako Poliziak.
Bistan da, egoera politikoak botika berriak eskatzen dituen honetan, Espainiako eta Frantziako estatuak betiko errezeta erabiltzen ari direla; errepresioa, alegia, gatazka konpontzeko prozesu orotan positibo emango lukeena.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: