bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Domino efektua

Aitziber Zapirain

Gora behera eta zurrumurru askoren ostean, Irlandak lortu du azkenean laguntza ekonomikoa jasotzeko, Europar Batasunaren oniritzia. Komunikabide askok, guztiek ez esatearren, 85.000 milioi euroko laguntza ekonomikoa aipatzen zuten atzo. Idazten eta esaten badakigun arren, azken batean zenbat edota zenbaterainoko balio dezakeen ez dakigu. Ez behintzat herritar arruntok.

Grezia izan zen Europar Batasuneko lehen ardi beltza. Iskanbila eta finantza krisia pairatzeaz gainera, hankaz gora jarri zen estatu osoa. Gogoratzeak ere hotzikara sortzen du. Inork ez baitu halako egoerarik bizi nahi norbere etxean. Greba orokorrak bata bestearen atzetik, kale istiluak, kale erasoak, zaurituak, hildakoak… Azken batean, milaka eta milaka Greziar mobilizatu ziren, galdutzat zituzten hainbat eskubideren defentsan. Greba orokor horiek, larritasunak pizturiko mugimendu sozialaren erakusleiho besterik ez ziren izan. Herriaren erantzuna gogorra, erantzun sendoa. Herri barbaro baten irudia saldu ziguten, mass-mediek. Europako beste herri bati, halakorik ez zitzaiola sekula gertatuko zirudien. Ezinezkoa zela. Eta hara, bada laguntza jaso duen bigarrenik. Nahiz eta, Grezia eta Irlandak oso errealitate ezberdina bizi.

Egoera aitortzeko ez zuen arazo handik ukan Greziako gobernuak. Noski, ezta ere laguntza jasotzeko. Irlandak ordea, bere kasua ezberdina zela errepikatu izan du behin eta berriz. Laguntzaren beharrik ez zutela esateko ere, ez du oztoporik ukan Dublineko Gobernuak. Bere hitzak irenstea baino beste aterabiderik ez du orain Brian Cowenek. EBko bigarren ardi beltza ote da Irlanda? Bigarrena izateak baino kezka gehiago sortzen du agian ez dela azkena izanen pentsatzeak.

Zifrak berak, begiak biribil uzte badizkigu ere, horren banaketak zirrara handiagoa sortzen du. Egunkarietan irakurri ahal izan denez, kopuru osoaren %41a banketxeei zuzenduko baitzaie zuzenean (35 000 milioi euro), Irlandako bankuari zehatzago izendatuz. Jean Claude Junker Eurotaldeko presidentearen esanetan, honek berehala jasoko du dirua gainera. Herritar ororen harridura pizten duen eragiketa hau justifikatzeko asmoz, banku “osasuntsu eta lehiakorra” izateko helburuarekin egiten dutela jaso du ohar batean Irlandako Gobernuak. Hori bera irakur zitekeen behintzat, egunkari honek atzo argitaraturiko albiste batean. Gainontzeko 50 000 milioi euroak aldiz, Irlandako gobernuaren beharrak asetzeko helburuarekin bideratuko dira bertara. Nazioarteko Moneta Fondoak 22 500 milioi euroko ekarpena eginen du, kopuru berdinarekin lagunduko dute Estabilitate Ekonomikoa Sustatzeko Europako Mekanismoak eta Estabilitatea Sustatzeko Europar Fondoak. Interesgarria da jakitea, azken honen diru kantitatea, Euroguneko estatuek eskainiko dutela. Danimarkak, Britainia Handiak eta Sueziak berriz, bestelako ekarpenak ere eginen dituzte.

Ekonomian aditua izateak asko lagunduko du halako neurriak ulertzen, dudarik ez. Hala ere, politikariak adituak dira informazioa beraiek nahi duten moduan, beren interesen arabera hedatzen. Hitz gakoak erabiltzen dituzte, herritar gehienek ulertzen ez ditugunak. Horrek ordea ez digu gogoetatzeko eskubiderik kentzen eta kritikatzeko ere ez. %5,2ko interes tasak ordaindu beharko ditu Greziak, Irlandak berriz %5,8a gutxienez. Zergatik? Horrez gain, diru zama osoaren %41 a zuzenean Irlandako bankuari helarazteak, egitera doazen eragiketa erraldoi honetan, finantza sektoreak duen boterea agerian uzten du. Diru banaketa portzentaiak baino kezkagarriagoa da Irlandak bere ekarpena zein iturri itxiz eta nola eginen duen jakitea.

Europa batzeko, estatu batetik besterako fluxuak errazteko (ekonomikoak bereziki), batasun monetarioa lortzeko… sortu zen Europar Batasuna, besteak beste. Hedapen handia ezagutu du azken urteetan. Bat egite horren onura zein kalteak ezagutu ditugu (okerrena etortzeko dagoela ahaztu gabe). Uka ezina da egun bidaiatzea, hegazkinez behintzat, erosoagoa dela Europan barrena. Askoren aburuz, muga fisikoak ere desagertu egin dira, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia maiz zeharkatu behar ez dutenek pentsatuko dute hori ziurrenik. Edota Irunetik, Berarako bidea oso gutxitan egiten dutenek. Adibide ugari eman daitezke, baina ez da oraingo gaia.
Krisiaren etorrera eta bere ondorioak aurreikusteko aldiz, talde lan eta elkartasun gutxi egon da antza denez. Frantziak eta Alemaniak agintzen segitzen dute. Badirudi ez dela erabakirik hartzen, beren onarpenik gabe. Dena dela, hori baino salagarriagoa da, Irlandak berak hartu duen konpromisoa.

Alarma gorria piztu, larritasuna azpimarratu, batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroak batu… alegia, ustez eman beharreko urratsak eman, azkenean Europan nagusitzen den tendentzia berdina aplikatzeko. Politika sozialak murriztu. Horixe da hartu duen erabaki nagusia. Alde batetik, normaltzat jo daiteke, bere aldetik ere erabaki gogorrak hartu eta aplikatzeko exigitu izana gainontzekoek. Baina berriz ere, herritarrak dira kaltetuenak. Kopuru orokorrari, 17 500 milioi euro aportatzera konprometitu da Dublineko Gobernua. Diru hori nondik aterako duen jakiteak sortzen du ezinegona: sekuritate sozialeko erreserba fondotik. Pentsiodunen dirua erabaliko du banketxeen onurarako. Horrez gainera, 68 urtera luzatu nahi du erretreta hartzeko adina. Egia da, dagoeneko erreakzioak egon direla, nahikoa ote da? Izan ere, botere guneak betetzen dituztenen belarriak argizariz beteak daudela dirudi, herritarren oharrak entzuteko bereziki. Zer esanik ez, negoziaketa bat proposatzen duen eragile bat aditzeko!

Zor publikoa murriztea, 15 000 milioi euro aurreztea eta halako aurreikuspenak egin ditu Cowenek. 2014.urterako agindi ditu emaitza hauek. Horretarak noski, 25 000 pertsona kaleratuko ditu zerbitzu publikoetatik. Europar Batasuneko kide asko, aplikatzen hasiak diren neurri berdinak dira. Ezin baitira ahantzi bazter guztietan egin diren greba orokorrak. Frantzia izan da aitzindaria horretan. Murrizketa sozial guztien aurka, behin eta berriz oldartu dira frantsesak, Sarkozy presidenteak, ohar orori muzin egin dien arren. Bai, berea lortu du, baina grebak eta mugimendu soziala ez dira alferrikakoak izan. Espainian ere, zalaparta nagusitu zen irailan. Hego Euskal Herrian berriz, ekainaren 29rako deitu zuen gehiengo sindikalak protesta eguna. Iparraldean aldiz, frantes sindukatuek deituriko greba orokor guztiekin bat egin du LABek. Politika sozialean orain arte aurrera begira eman diren pauso guztiak, galdera ikur handi batez inguraturik daude orain. Zalaparta gehiegirik gabe desagerrarazten dituzte eta gizartearen partetik kexa gutxi soportatuz. Ahoz ezkertiarrak direnak ere, eskuin aldeko politika egiten ari dira, noski, demokraziaren izenean. Nork daki, agian opor ordaindurik ez dute ezagutuko datozen belaunaldiek. Zer esanik ez, erretreta hartu ondorengo pentsioari buruz. Norentzat egiten dugu lan? Norentzat kotizatzen dugu? Demokrazia aipatu dugu, zinez zer den ez dakigu ordea. Aplikatu egiten dutela saltzen digute, munduan nagusitzen den sistema dirudi. Gardena omen da. Hori erakusten zaigu eskolan. Gardentasuna, berdintasuna, oreka, parekidea…balore eta hitz polit askoz inguratua dago hitz magikoa. Eta horrekin jolasten dute. Eta gurekin. Horren izenean egiten dute lana.

Frantziar ala Espainiar administrazioaren menpe biziz, halako egoera bat gainera erori diezakegula ez dugu irudikatu ere egiten. Oker gaude ordea. Ardi beltzak izendatu ditugu. Grezia lehena eta Irlanda bigarrena. Diotenez, konfiantza giroa sortu nahi dute politikariek Irlanda laguntzearekin batera. Eta bereziki, Espainia eta Portugal ere, hiru zein laugarren ardi beltzak izan daitezkeenaren dudak baztertu, alboratu, itzali, eliminatu. Domino efektua probokatu dezakete Irlandak harturiko neurriek, ideia hau ukatu egiten digute ordea, behin eta berriz. Arinak dira beren hitzak, haizeak eraman egiten ditu. Izan ere, Europar Fondoa ordezkatuko lukeen krisiari aurre egiteko mekanismo iraunkor bat sortzea mahaigaineratu zuten Ekonomia eta Finantza ministroek delako bilera horretan. Diotenez, minutu luzez mintzatu ziren horren inguruan. 2013.urtera bitarte iraungo duen gune berria da eta 440 000 milioi euroko aurrekontua izango du. Guztion diruarekin berehala erreskatatzen diren banketxeak eta gainontzeko inbertsio egileak, etorkizunean laguntza eskaintzen duten azkenak izango direla adostu zuten. Baita beren parte hartzea, kasu bakoitzeko aztertuko dutela ere. Aurrerantzean beraz, diru publikoa eskainiko zaio laguntza eskatzen duen estatuari. Inbertsio egile pribatuei, jarrera irmoari eusteko eskatzen diote politikariek. Goitik behera neurtua dute dena.

Ardi beltzak eta dominoa, jolas bat dirudi honek! Gaia serioa bada ere, herritarron eskubideekin jolasten ari dira. Politika sozialen aldeko borroka luzea eta bere lorpenak, banketxeen mesedera kentzen ari dira.

Mila duda, mila galdera. Euroguneko bi herrik beren “erreskatea” jaso ostean, betikoek ordainduko dutelarik noski, herriak alegia, beste hainbat gogoeta bururatzen zaizkit: beste herriren batek beharko ote du delako planik? Eta hala bada, Euroak bere egungo balioa mantentzeko bezainbeste indar izango al du? Izan ere, orain arteko bi ardi beltzek, Euroguneko biztanlegoaren oso portzentai baxua ordezkatzen zuten. Biztanle kopuru handia duen herri bat halako egoeran eroriko balitz, hots Frantzia, Espainia ala Alemania zer gertatuko litzateke?

Azken asteetan zabaltzen ari diren zurrumurruen arabera, beste bi estatuk epe motzean, laguntza plan horren beharra izango lukete: Espainiak eta Portugalek. Momentuz biak ukatzen ari dira laguntza horren beharra. Europak ordea hainbat neurri “sozial”en desagerpena ezinbestekoa izango dela ulertarazi die. Gerta liteke noski, Espainiak arazorik ez ukaitea, eta Portugal izatea Euroguneko hirugarren estatua. Hori hala balitz, Euroguneren hondamendia litzateke. Zergatik hori? Nahiz eta Espainiak arazorik ez ukan, ezin dugu ahantzi bere kapital finantzarioaren %20a Portugalen inbertitua dagoela. Beraz, Portugal ondoratzeak, Espainiaren ondoratzea ekarriko luke. Eta 43 miloi inguru biztanleko herri honen gainbeherak, euroa bera kinka larrian jarriko luke, dominoari fitxa guztiak erortzeko bezainbeste bultzada emanez, oreka galduz.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: