Lasterketa hasi da
Aritz Sorzabal
Zuen tokietara, prest, ja! Ordua iritsi da; agintarien aholkulariek hainbeste maite duten unea, alegia. Politikariek eurek ere gogoko dute, leku batetik bestera bidaiatzeak nekea eragiten duen arren. Azken honek, ordea, ez die gehiegi kezkatzen; indarrak osatzeko, lunch-a egon ezean, beti izango baitute dieten diru poltsari esker janari goxo bat dastatzeko aukera. Oiartzun aldean honi buruz zer edo zer dakite. Argazkian ateratzea da garrantzitsuena, kosta a la kosta, bisitatuko dituzten jatetxetako menuak baino garestiago ordaindu nahi ez badute. Izan ere, inaugurazioak eta lehen harriak hemen dira, hauteskundeak gertu direnaren seinale.
Odon Elorza Donostiako alkatea, Patxi Lopez lehendakaria, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministro Cristina Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte sailburu Gemma Zabaleta, Markel Olano diputatu nagusia… duela egun gutxi horiek guztiak izan ziren Donostian. Zahartzaroa aztertuko duen Ingema Institutuaren lehen harria jarri zuten, baita osasungintzaren ikerketan lan egingo duen Biodonostiaren inaugurazio ekitaldia antolatu ere. Agintariak bertan ziren, argazkian ia kabitu ezinik.
Irudiak ez ezik, adierazpenak ere beharrezkoak izaten dira halako ekitalditan, eta hitzen txanda datorrenean agintariak orojakileak direla konturatzen gara orduan. Lehendakariak, esaterako, begiak ireki zizkien bertaratutakoei bere jakituriarekin: «Gaurko gaixotasunak ez
dira garai batekoak. Antzinean heriotza eragiten zuten eritasunek ez dute lehen bezala erasaten».
Ekitaldiak ekitaldi, kazetarioi, bitartean, agintari burutsuen atzetik ibiltzea besterik ez zaigu geratzen, txotxongiloen antzera. Zorionez, halako zutabeak idazteko parada badago barrua askatzeko. Kezkatuta nago, baina, iritzi artikuluaren terapia azkarregi erabili ote dudan. Beste zerbaitetan pentsatu beharko dut mitinak eta promesa hutsak etortzen direnerako, lasterketa hasi besterik ez baita egin.