bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Iritzia, komeni zaienean

Juanma Sarasola

“Parte-hartze sozialaren beharraz mintzo zaigu diskurtso ofiziala; aitzitik, funtsezko gaien gainean ari garenean, herritarren iritzia ez dute eskatzen, ezta entzun nahi ere”. Halako salaketak maiz entzuten ditugu Euskal Herrian, bai gure herriaren autodeterminazio eskubidea gauzatzea ukatzen digutenean, bai eremu mugatuagoa duten hainbat proiektu erraldoiren kasuan ere. Oraingoan AHT/TGV abiadura handiko trenaren proiektuaren inguruan kexu dira Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat elkarte eta ordezkari, kasu batzuetan auzapez edo alkateak eta zinegotziak tartean direla.

Negozio eta irabazi handiak tartean dauden kasuetan –Jaizkibelgo superportua, errausketa planta, Zornotzako Boroako zentral termikoa, Muskizko Petronorko koke planta, Hondarribiko aireportua, Pirinioz gaindiko autobidea, Zuberoako gasbidea…- herritarren salaketei, kontrako iritziei, eta erreferendum eskakizunei muzin egiten diete agintariek. Aitzitik, erabakitzeko tarte gutxi dagoenean hainbat udal edo herriko etxek ‘Agenda 21’, ‘herritarren foroak’, eta halakoak antolatzen dituzte, “parte-hartze sozialari eta herritarren ikuspuntu eta eskakizunei lekua” uzten dietela nabarmentzeko. Leku eskaxa, ordea.

Euskalextric sarea

AHTren kasuan, proiektua “txikitzailea eta elitista” dela salatzen dute haren aurkako taldeek, eta herritar asko eta asko haiekin bat datoz. Ez dela beharrezkoa, eta horren ordez gaur egungo azpiegiturak hobetu, eta garraio publikoa benetan indartu beharra dagoela nabarmentzen dute. AHTak, gustatu edo ez, ingurumenari kaltea egin, egingo dio. Irungo alkateak geltoki intermodalean egokitu nahi du AHTa, eta geltoki berrian hirigintza proiektu erraldoi eta berritzaileak uztartzeko plana aurkeztu berri du. Herritarrok espazio ireki ugari irabaziko omen ditugu, baita etxebizitza eskaintza zabalagoa lortu ere. Baina Irungo alkateak, Gipuzkoako Diputazioak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Akitania Eskualdeko Kontseilu Nagusiak, eta Espainiako nahiz Frantziako gobernuek ez dute deus esaten AHTa eraiki ahal izateko lurrik gabe uzten ari diren milaka baserritar edo laborariez.

Desjabetzeak egin, eta gu guzion zergetatik kalteordainak pagatuta erosi nahi dute baserritarren isiltasuna eta menpekotasuna. Kulturaz, gure ondarea eta ingurumena babesteaz, garapen iraunkor edo jasangarriaz… hitz eta pitz aritzen dira agintari franko, baina ez dute negar malko bakar bat ere isuriko mendeetan zehar euskal tradizioak, lanari lotutako bizimodu mota bat, kultura ikuspegi bat, euskara, arkitektura mota bat, ekonomia aktibitate mota bat… eta abar bizirik mantendu dituzten baserri edo ‘kanpain’-ak (lapurteraz) suntsitzen badituzte.

Euskal Herria ‘scalextric’ gisako pista sare erraldoi bihurtu nahi dute, hainbeste errepide, autopista, autobia, mendi pista, zementu, eta abarrekin. Hori bai, jardin ederrez apaindutako zemento gaineko parke eta biribilguneekin, “bista alaitzeko”.

Bai, gutako askok, gure kontraesanen menpe izaki, halako azpiegitura erraldoietako batzuk probextu egiten ditugu gero, batez ere gure autoekin. Hala ere, txikizioa handiagoa izatea eragozteko eta garapena konprenitzeko modu jasangarriagoak aldarrikatzeko bideak egon badaude oraindik, eta horietako batek Hendaia eta Irun lotu zituen urtarrilaren 23an, AHTren eta bestelako proiektu suntzitzaileen kontra hainbat elkartek deituta egin zuten manifestazio jendetsuaren bitartez.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: