bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Lau bandera, 14 amets

Juanma Sarasola

Oroitarri bat basoan, orbelez inguratua. Herrietako kanposantuak jendez eta lorez bete ziren egun berean, bestelako lore eskaintza eta omenaldia egin zuten joan den igandean Pikoketako gainean, tropa frankistek Irun okupatu baino ia hilabete lehenago fusilatu zituztenen omenez. 1936ko abuztuaren 11n erail zituzten, defenditu zuten leku berean. Gazte eta heldu horiek gogoan izan zituzten hainbat elkartek eta bertaratutako senide eta lagunek.

EAE-ANVren bandera, Espainiako Errepublikakoa, ikurriña, eta PCE-EPKrena, elkarren segidan, honako 14 irundar komunista, sozialista, eta abertzale hauen izenak dakartzan oroitarriaren bi aldeetara: Mertxe Lopez Cotarelo, Pilar Valles Vicuña, Jose Mari Arruti Idiakez, Victor Genua, Jesus Lopez Casado, Agapito Dominguez, Beñardo Usabiaga Jauregi, Manuel Justo Alberdi, Miguel Lopez Pascual, Vicente Argote, Agustin Bermejo, Felix Luz Etxeberria, Angel Braña Lopez, eta Jacinto Lopez Martinez. Gazteenek 17 urte zituzten, eta zaharrenak 49. Haien hezurrak 1978an berreskuratu zituzten, hobi komun batetik aterata.

93 urte ditu Marcelo Usabiagak, fusilatutako baten anaiak, baina espiritua eta ahotsa sendo ditu, eta 36ko gerrako gertaera latz hura gogora ekarri du. «Manuel Cristobal Errandonea irundarrak 12 bat lagun bildu gintuen, eta esan zigun: ‘Goazen Erlaitzera, berkonkistatu behar dugu, bestela faxistak berehala sartuko dira Irunen’. Goizaldeko 04:00etan mendean hartu genuen, baina jende asko galdu genuen. Posizioa ziurtatuta, batzuk Irunera jaitsi ginen, indarrak hartzera. Horietako batek, Agapito Dominguezek, esan zuen ezin zituela Pikoketan zeuden lagunak bakarrik utzi. Azkenean hona etorri, eta bertan hil zuten faxistek, besteekin batera fusilatuta. Ni geroago harrapatu ninduten, eta 20 urte eman nituen preso. Denbora horretan urtebete bakartuta egon nintzen, eta gauza asko pasatu ziren nire burutik, baina inoiz ere ez dut dudarik izan gure ametsak defendatzeko borrokatu behar genuela. Ameslariak gara, bai, mundu hobe batekin, denentzako lanpostuekin, eta aberastasunen banaketa egokiarekin amets egiten dugu, eta segitzen dugu!».

Omenaldian 100 bat lagun elkartu dira guzira. Frankismoaren errepresaliatuen elkarteek osatzen duten Lau Haizeetara Plataformako kideak, ezker abertzaleko ordezkari eta jarraitzaileak, Asociacion Republicana Irunesa Nicolas Guerendiain elkarteko kideak, PCEko kide zahar nahiz gazteak, independenteak, anarkistak… Lore eskaintza egin dute, bi gizonezkok txalaparta eta adarra jo dute. Gainera, musika banda ttiki batek hainbat kantu errepublikano, komunista, eta abertzale jo ditu (‘Oh, Bella Ciao’, ‘Himno de Riego’, ‘A las Barricadas’, ‘Internazionala’, ‘Eusko Gudariak’…).

Lau Haizetara Plataformako ordezkari baten esanetan, bai fusilamendu horiek bai frankistek egindako bestelako fusilatzeak eta zapalkuntza «genozidioa» eta «gerra krimenak» dira, eta oraindik ez da justizia egin. Justiziaz gain, egia jakiteko eskubidea, eta frankismoaren biktimentzako kalteen ordainketa exijitu ditu.

36ko gazte eta heldu horien ametsak odoletan itotzen saiatu ziren, baina argi dago ez zutela lortu.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: