bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Hispanitatearen eguna(k)

Aritz Sorzabal

Ezagutzen ditudan pertsonetatik Ainararentzat soilik da berezia urriaren 12a. Pilarko eguna handia da beretzat, goiz goizetik. Etxean presaka gosaldu eta lanera joan ordez, kalera irten eta, bere mutil lagunak korritzen duen herri krosa ikusi eta gero, mokadu bat jaten du ondoko tabernan. Azokatik itzulia egiten du ondoren, sagardo dastaketa noiz hasiko zain. Bakailao lehiaketa zein elkartek irabazi duen gehiegi inporta ez bazaio ere, horri ere erreparatzen dio txotx egiten duen bitartean. Festak luze jotzen du harentzat, hurrengo eguneko ajea arintzeko neurriak hartu ez izanak dakarren arriskuarekin. Ainarak, azken finean, badu zer ospatu urriaren 12an… Martutenen.

Martuteneko festek Donostiako auzoetako urteko jaiei amaiera ipintzen diete, eta Pilar egunean jendetza biltzen da ikastolako jolastokiaren inguruan. Auzotarrek egun horretan jai egiten dute nahi dutelako, inongo inposaketarik gabe, delako Hispanitatearen Egunean festa hartu behar izan duten hainbat eta hainbat euskal herritarrek ez bezala. Izan ere, Martutenen izan ezik, ez dago zer ospatu Euskal Herrian. Biharamonean gertatutakoa adibide egokia izan zen baieztapen hori berresteko.
Hain zuzen ere, bezperan atsedena hartu ostean, Espainiako Gobernuko tresneri errepresibo guztia lanera itzuli zen indartsu urriaren 13an, polizia operazio berri bat zuzendu baitzuten ezker abertzalearen aurka; hispanitatearen izenean, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen zigiluarekin. Atxiloketa horiek, egun batzuk lehenago 2004. urteko Anoetako ekitaldiagatik Joseba Permack, Joseba Alvarez eta Arnaldo Otegi auzitara eramateko erabakia bezala, ezin dira ulertu unean uneko egoera politikoa aztertu gabe. Ezker abertzaleak ekimen politiko bat eskuartean duen bakoitzean, betiere gatazkari konponbidea bilatzeko helburuarekin, errepresioa dator Madrildik. Eta oraingoan halaxe gertatu da, enegarren aldiz.
Espainiako Gobernuak ezin dio politikari politikarekin erantzun. Eztabaida irekita, proposamen demokratikoak mahai gainean jarrita, argudiorik gabe gelditzen da. Horregatik, hobe du arazoa errotik moztea, buruhauste bihurtu baino lehen harekin bukatzeko. Dela urriaren 12an, 13an edo urteko gainontzeko egunetan, Hispanitatearen Egun asko baitaute Euskal Herrian. Nik, behintzat, ez dut errepresiorik gabeko egun bakar bat bera ere gogoratzen.

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: