bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

500 ez, ia 1000 urte nafar lurrak galtzen

Juanma Sarasola

Euskararen aintzinako mugetako batean, Atapuerca herriko lurretan, hasi zen Nafarroako Erresumaren -orduan Iruñeko Erresuma deitua- mendeetako gainbehera, auzokoen eraso eta inbasioen ondorioz. Burgos probintziako herri horren ingururaino iristen ziren garai batean euskal monarkiaren lurrak. 1054an Atapuercan izandako guduan galtzaile eta hila suertatu zen Gartzia nafar erregea, bere lurren defentsan. Nafarrek porrot egin zuten Leongo Erresumako eta Gaztelako Konderriko tropen kontra, hain justu Gartziaren anaia Fernandok gidatzen zituenen aurka. Gertakizun haietatik ia 450 urtera, aurten, Nafarroaren galeraren beste urrats garrantzitsu eta ezagunago bat, 1512an hasitakoa, gogoratzeko ekitaldiak egiten ari da herri ekimen bat. Zehazki, Nafarroako Erresumaren konkistaren 500. urteurrena gogoratzen -ez ospatzen- ari da, baina ez datorkigu gaizki oroitzea edota ezagutaraztea askoz ere lehenago hasi ginela estatu gisa egituratu genituen euskal lurralde naturalak galtzen, XI. mendean.

Euskaldunon hedadura gaur egun baino askoz ere haundiagoa izan zen erromatarrak iritsi baino lehen, Akitaniako eta Ebrotik hegoalderako toponimiak argi uzten duenez. (Eduardo Aznarren lan honek ederki azaltzen du Errioxatik Aragoirainoko euskal toponimia: http://www.errioxa.com/7_toponimia_rioja/toponima_rioja.htm#principales ). Kantabriako kostalde zati bat ez ezik, euskararen hedadurak ekialdeko mendietako bailara batzuk ere hartzen zituen, eta hortik hego-ekialderantz lerro imaginarioa eginez, Bureba eskualdea (Burgos), Errioxa, eta Soriako iparraldea. Hortik ipar-ekialdera eginez, Aragoiko iparraldea, Kataluniako Aran harana -Val d’Aran-… ziren euskal lurraldeak, eta Pirinioetatik gaindi lerroa eginez gero, haran horretantxe jaiotzen den Garona ibaiari segituz, hortik Bordele baino hegoalderaxeago, ibaiaren mendebaldetik Bizkaiko Golkorainoko lurralde guziak.

Baina lehenbiziko euskal monarkia -euskal estatua, beraz- sortu zutenerako, lurralde horietako askotan aspaldi galduak ziren euskara bizia -toponimoetan ez- eta euskal izaera. Orreagako segadako garaipenetik (778. urtea) 45 bat urtera, baskoi leinuek eta hauen senide eta bizilagun euskaldunek antolaketa zentralizatu eta hierarkizatua gauzatzea erabaki zuten. Hala, 824. urtean Eneko Aritza buruzagia egin zuten Iruñeko Erresuma deitu zutenaren errege. Nafarroako Erresuma izena 1150ean jarri zion Antso VI.a Jakintsuak.

Lurralde hedadura gorabehera ugari

Erresuma independente hark lurralde hedadura gorabehera franko izan zituen, batez ere Gaztelaren ekinaldi inperialistak zirela eta. Baina baita ere zenbait errege nafarrek behin-behinean eta ezkontzagatik izan zituztelako beren menpe euskaldunak ez ziren lurralde batzuk, hala nola Gaztela bera -orduan hedadura ttikiagoa zuena-, Leongo Erresumakoak, eta Bartzelonako konderrikoak. Lehenagotik, Pirinioetatik iparraldera, Baskoniako Dukerria -gerora egungo Ipar Euskal Herria eta Gaskoinia- esistitu zen. Lur horiek, edo horien zati batzuk, hainbat nagusi izan zituzten, hala nola frankoak, ingelesak -300 bat urtez-, nafarrak, eta azkenik, frantsesak.

Ez dugu ahaztu behar nafar erregeek Gasteiz herri koxkorrean Vitoria hiribildua, eta Hernaniko lurretan Donostiakoa sortu zituztela, Gaztelaren konkistaren aurretik. Gainera, garai hartan ez zegoen gaur egungo herrialde antolakuntza. Ipuzcoa -hala agertzen da lehen agirietan- gaur egun baino ttikiagoa zen eta Getaria zuen hiriburu; Urumeatik Bidasoarainoko lurrak ez ziren iputzak, ezta aintzinatean barduliarrak ere, baskoiak baizik. Nolanahi ere, Gipuzkoa osatu zenean nafar tenentzietako bat besterik ez zen, hots, txandakako jaunek gobernatuta, beti ere Nafarroako erregearen izenean. Gainera, Oñatiko jaurerria ez zen XIX. mendea arte Gipuzkoan sartu.

Gaztela eta Aragoi -Nafarroako Erresumatik sortu eta bereizitako erresumak- askotan aritu ziren elkarlanean nafarron kontra, bereziki une ahulak aprobetxatuz. Gaztela izan zen, halere, erasokorrena eta lurralde nafar gehien konkistatu zituena.

Gaztelak ederki asko jakin izan zuen erabiltzen nafar lurretan zituen aliatuak. Hala, barneko eta kanpoko elkarlanari esker Arabaren zati bat, Durangaldea, eta Gipuzkoa bereganatu zituen 1200 urte inguruan. Gasteiz hiriari bederatzi hilabeteko setioa egin ondotik menperatu zuen Arabaren zati nagusia; halere, beste zati bat, Arabako Errioxa eta Sonsierra deitua, ez zuen XV. mendea arte konkistatu.

Bizkaia, Erdi Aroan gaur egun baino ttikiagoa zen, Ibaizabal inguruko lurraldea zen; Durangaldeak berezko izaera zuen. Bilbo garai haietan Begoña elizatearen -herri baten moduko antolakuntza juridikoa- auzune bat besterik ez zen, Alde Zaharreko Zazpi Kaleetara mugatua. Ama herritik independizatu bazen ere, Bilbok ez du inoiz hiri titulua lortu. Bermeo eta Orduña ziren orduko bizkaitar ‘potentziak’.

Irun eta Hondarribia berreskuratu nahian

Nafar erregeak ez ziren besoak gurutzatuta geratu, eta maiz saiatu ziren euskal lurraldeak berreskuratzen. Adibidez, Noainen, Amaiurren eta Hondarribian izandako batailetan. Hondarribia 1521 eta 1524 artean Nafarroa independentearen barrenean egon zen berriz, hain zuzen ere nafar tropek, gaskoi eta alemaniar lanskenete aliatuekin batera Irungo Gazteluzar gotorlekua menperatzen porrot egin zuten garaitsuan. Hondarribia ere handik gutxira erori zen gaztelarren eskuetan. Alabaina, handik mende batzuetara zenbait herri amaren altzora itzuli ziren, tarte baterako bederen: Irun, Hondarribia, eta Lezo 1805 eta 1814 bitartean Nafarroa Garaiko herrialdean sartuta egon ziren. Hondarribiko portua oso garrantzitsua zitzaien Iruñeko agintariei, behiala berezkoa zuten itsasorako aterabidea.

1530ean, Nafarroa Beherea okupatzen segitzea oso zail egiten zitzaionez, handik erretiratzea erabaki zuen Gaztelako Erresumak. Nafarroako Erresumaren azken lurralde libreek (Nafarroa Beherea eta Biarno) 1620 arte iraun zuten burujabe, harik eta orduko Nafarroako eta Frantziako errege Henrikek hura monarkia frantsesean erabat barneratu zuen arte. Haatik, nafar oihartzunak ez ziren desagertu, zeren eta Frantses Iraultzak Ipar Euskal Herriko instituzioak desegin arte ‘Frantziako eta Nafarroako errege’ titulua izan zuten frantses erregeek. Eta gaur egun Biarnoko hiriburuan, Pauen, Parlement de Navarre izeneko eraikinak zutik dirau, Nafarroa Europako estaturik modernoetako bat izan zeneko garaiaren isla apala. “Navarre shall be the wonder of the world” (Nafarroa munduko miraria izanen da), idatzi zuen Shakespearek, XVII. mendeko Nafarroaren ezaugarriez eta ahalaz liluratua.

Hegoaldeko lurrei dagokienez, Nafarroa Garaiak atxiki zuen ‘nafar’ izena, ez, ordea, gainerako euskal lurraldeek, eta Erresuma ez independente izaera -autonomoa, euskal foruez hornitua- Gaztelaren eta gerora Espainiako Erresumaren menpe izaki ere,. Hori guzia XIX. mendeko azken laurdena arte.

Lurraldeak galdu eta galdu. Mehetzen doan gorputza, portxaz eta engainuz flakatuarazia, baina bihotz taupadak oraindik bizi-bizi dituena. Horra Nafarroako Erresumaren mendeetako patua. 500 urte ez, ia 1000 dira etengabeko galtze prozesua hasi zenetik. Zazpi probintzietan izan ezik, Errioxan atxiki zuten XIX. mendea arte euskal iraganaren kontzientzia ttiki bat -ez denek-, eta Espainiako Estatuaren barne antolakuntzan egungo lau euskal probintziekin batera egituratzekotan egon zen, baina azkenean ez zen halakorik gauzatu.

Nahikoa lan dugu gure azken lerro gorriei itxekitzen, eta utopikoa da behinolako nafar/euskal lurralde guziak berreskuratzeaz pentsatzea. Baina inork ez diezagula galarazi edota eragotzi gure herriaren historia ezagutzea eta horretan sakontzea, iraganeko lezioak hartze aldera. Segi dezatela bisigodo modernoek, nahi badute, beren aspaldiko ‘Domuit Vascones’ esaldi haundiuste bezain hutsala erabiltzen, benetan menperatu gaituztelakoan. Eta segi dezatela franko eta frantximent modernoak gu izorratzen. Ez zaigu ahaztu haien kontrako Orreagako garaipena. Eta ez ditugu begiak eta gogoak iraganean soilik. Indarrez eta etorkizunez betetako herri bizia gara oraindik.

About these ads

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

%d bloggers like this: