bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Archive for the month “Apirila, 2012”

Zorionak!

Oihana Etxebarrieta

 

Saria jaso dute Jaizkibel konpainiak eta Irungo alarde ez baztertzaileak. Urte guzti hauetan aurrera egindako bideak izan du bere saria.

Alde batzuetatik entzun ahal izan dugu Emakundek aurpegia garbitzeko eman diola sari hau alardeei (iazko Hondarribiko ibilbide aldaketa babestu zuela eta …).  Baina bertan zeuden parte hartzaile guztiei aurpegia ikustea besterik ez zegoen, pozik zeuden, alai! Eta sari hori merezi zutela ikusten zen.

Ni ez naiz oso sari banaketa zalea izan inoiz, baina honako hau jasotzera joan ziren gazteen ilusioak beste guztia ahaztera eraman nau. Azken urteetan gazte pila bat batu dira konpainia mistoetara, eta borroka honetan daudela harro erakusten dute. Hasiera batean, argia bazen ere, Jaizkibel edo Irungo alarde ez diskriminatzailean parte hartzen zela esatea ez zen batere erraza gazteen artean. Eta orain ikus daiteke hori ere aldatzen ari dela.  Eta honek eragina dauka, inguru guztian.

Eta pozten naiz, gauzak poliki baina aurrera doazela ikustean. Hemendik zorionak ematea besterik ez zait geratzen, baina ez sariagatik; zorionak urte guzti hauetan berdintasunaren alde egindako lanagatik, zorionak gazte guztiei inguruan aldatzea lortzeagatik, zorionak lortuko duzuelako!

Polizia, berriro

Aritz Sorzabal

 

Donostiako Hernani kalea, 1977ko martxoaren 13a. Egun horretan amnistia aldarrikatzeko mobilizazioetara deitu zuten hainbat herritan. Izan ere, Frankismoaren osteko Trantsizio garaian murgilduta zegoen gizartea. Herritarrek kalea hartu zuten, presoen eskubideak defendatzeko; poliziek, bere aldetik, egun batean bai eta bestean ere, tiro eginda erantzun ohi zieten mobilizazioei. Testuinguru horretan, poliziak hurbiletik botatako gomazko pilota batek kalte handiak eragin zizkion garunean 20 urteko Jose Luis Aristizabal gazteari. Donostiarra Hernani kalean zegoen, baina ez mobilizazioetan parte hartzen. Biharamunean hil zen Aristizabal, ospitalean. Gomazko piloten lehen biktima izan zen Euskal Herrian.

Anoeta estadioaren kanpoaldea, 1995eko ekainaren 22a. Ehunka herritar elkartu ziren Bakearen Usoaren eskulturaren ondoan, bezperan Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren senitartekoen aurka erabilitako boztizkeria salatzeko. Leku berean, ETAk bahitutako Jose Maria Aldaia enpresariaren askatasuna eskatzen ari ziren beste batzuk. Ertzaintza Lasa eta Zabalaren familiari elkartasuna adierazi zieten pertsonei oldartu zitzaien. Une hartan, oldarraldiak eragindako istiluez ohartu ere egin ez ziren lagun batzuen aurka tiro egin zuen ertzain batek; bertatik bertara eta pertsona edadetuen aurka, lekukoek jakinarazi zuten bezala. Rosa Zarrak zortzi metro ingurutik jaurtitako gomazko pilota baten kolpea jaso zuen sabelaldean. Handik ospitalera eraman behar izan zuten, larri zaurituta. Kolpeak heste lodia gerarazi zion eta, aldi berean, infekzioa sorrarazi gorputz osoan. Hiru egun geroago hil zen emakume donostiarra.

Gomazko pilota baten kolpea jasota hildako azken euskal herritarra izan zen Zarra… joan den apirilaren 9a arte; Iñigo Cabacas athletic zalea hil egin zen egun horretan, lau egun lehenago Ertzaintzak larri zauritu eta gero. Hortaz, oraingoan ere historia errepikatu egin da. Arduradun polizial eta politikoak zigorrik gabe geratuko al dira berriro?

Post Navigation

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.