bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Archive for the month “Martxoa, 2010”

Mugaren bi aldeetan, Euskal Herria

Juanma Sarasola

Anekdota arront argigarria dakar Jose Ramon Enparan hondarribiarrak joan den abenduan plazaratu zuen liburuak –Udalak argitaratuta-, Hondarribiko XVII. mende hasierako gertaerak aztertzean: “frantsesak” kanporatzeko Espainiako buruzagiek Hondarribikoei agindutakoaren harira, garai hartako dokumentuek diote Hondarribiko agintariek kostata obeditu zutela herrian bizi ziren neskame lapurtar eta baxenafarrak kanporatzeko agindua, “arazorik ez” zutela ematen argudiatzen baitzuten. Espainol mentalitatedunek “frantses’ deitzen zieten, eta deitzen diete, Hondarribia pareko bizilagunei, hendaiarrei; eta frantziar mentalitatedunek “espainol” deitzen digute Bidasoaz hegoaldeko bizilagunoi.

Goi politikak agintzen zuen, eta agintzen du, Bidasoaren bi aldeko auzo herrien liskar eta gorabeheretan ere.

Sinetsarazi nahi digute ez garela herri bakar bat, nazio bat.

Baina historiak eta batez ere giza harremanek kontrakoa erakusten dute behin eta berriro.

Zenbat abizen lapurtar edota baxenafar daude, esaterako, Irun-Hondarribian? Adibidez, Kanpandegi, Duinat, Dagerre, Iridoi, Bidarrai, Darzeles… arront errotuta daude. Eta Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan zenbat abizen hegoaldetar daude? Lekuona, Agirre, Zuzuarregi, Martiarena… dira horietako batzuk, eta ez dire horiek guziak gerretatik, soldadutzatik, edota errepresiotik ihesi joandakoen ondorengoen deiturak bakarrik, horietako asko giza harreman normalen ondorio dire (merkatuetan, lantokian, festetan… egindako harremanak).

Zenbat deitura baxenafar edota zuberotar daude Nafarroaren eremu euskaldunetik hasita, eremu erdaldunduraino? Oses abizena, Ortzaize herritik; Sola, Soule edo Zuberotik; Barcos, Barkoxetik; Lasa, Baxe Nafarroko izen bereko herritik, Sueskun Suhuskunetik; Iridoi, Ihidoitik, Yoldi, Iholditik…

Eta deituretan eta ohituretan ez ezik, herri hizkeran ere atzematen dira elkarren eraginak, ezarri ziguten muga politikoak ez baititu gure euskarak erabat mozten, nahiz eta azken hamarkadetan, zoritxarrez, halako urruntze bat antzematen den.

Elkarren eraginaren adibidetxo batzuk emango ditut: Lapurdi hegoaldeko kostaldetik Baztan arte, ‘gan’ esaten da ‘joan’-en ordez; Hegoaldeko salbuespenak Irun eta Hondarribia dira: ‘joan’ eta ‘fan’ esaten dugu hemen, baina badire lapurtarrei hartutako hitz franko, baita gaskoiei ere. Hondarribian ‘maxina’ esaten da, ‘makina’ adierazteko, eta Beran ‘fite’, ‘bixkor’ adierazteko. Eta Lapurdiko euskara kostatarrean Hegoaldeko ahoskeraren eragina nabaria da.

Niko Etxartek kantatzen duen moduan, …mugaren bi aldeetan beit’Eskual Herria!

Hainbat gai, hainbat galdera

Aitziber Zapirain

Lehendakari jaun txit gorenaren bisita izan genuen orain dela aste bat. Irunen izan zen. Dagoeneko jakingo duzue, Dunboa ikastetxean, Lehen Hezkuntzako 5.mailakoekin. Zergatik? Zertarako? Eskola 2.0 egitasmoa aurkezteko. Digitalizazioarekin batera aitzina egingo duen hezkuntza eredua izan zuen bertan hizpide. Nola ez, Isabel Zelaa hezkuntza sailburua ere hantxe zegoen, bere eginbeharrak betetzen.
Nahiago dut proiektu honetara bideraturiko aurrekontua ez aipatu, errespetuz. Ez beraiekiko errespetuz, langabezian daudenekiko errespetuz. Eguneroko ogia erosteko zailtasunak dituz-tenekiko begirunez.
Ez naiz aditua hezkuntzan. Ez naiz irakaslea. Baliteke estola 2.0 ereduak alde onak ukatea. Onurak ekartzea. Ez dakit. Albiste hau, aitzakia bezala baliatu dut ordea. Sarrera gisa. Belaundaldi berriak dira gure etorkizuna. Zaindu behar dira noski. Ez al dago ordea beste lehentasunik? Hamaika dira kazetariok astelehenean Lopez jaunari egin nahi genizkion galderak. Ezin izan genuen ordea. Ez genuen horretarako aukera bat bera ere ukan. Ezin duzue irudikatu ere egin, zenbaiteraino kalkulatzen duten guztia. Autotik jeitsi eta berriz igotzeko unea iritsi arte, eman beharreko urrats guztiak neurtuak dituzte.
Zer galdetuko nioken? Deus berririk ez. Euskaldun askoren buru barrenean dantzan dabiltzan hainbat galdera. Jon Anzaren inguruko argitasun gehiago. Zergatik, zertarako, nolaz…Aberri Eguna Irunen dela jakinik, “normaltasunez” igarotzeko aukerarik izango ote dugun gerturatzen garenok. Nolaz bideratu duen halako dimentsio handiko aurrekontua finantza krisi garai honetan. Asko, pila bat dira galderak.
Non dago Euskal Herriaren Iritzi Publiko aktiboa. Esaten eta egiten duten guztia sinestu behar al dugu? Ezetz diogu askok.
Honen harira, agian askok jaramon askorik eskaini ez diezuen hauteskundeak izan ditugu Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan. Euskal Herria BAI plataforma abertzaleak gainditu egin ditu hasierako aurreikuspenak. Asko izan dira protesta bozka kutxan sartu zutenak, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzari ezezko borobila eman ziotenak, eta Euskal Lurralde bat eraikitzeari bozka baikorra bideratu ziotenak. Alta, orokorrean abstentzioa izan da nagusi.
Zergatik ote? Frantsesak ere hasi ote dira Sarkozy-ren eskuindar politikaz nazkatzen? Galdera erretoriko asko pausatu daitezke, erantzunak ordea, gutxitan iristen zaizkigu.

Demagun

Aritz Sorzabal

Jon Anza non zegoen galdetzen urtebete aritu dira herritarrak. Eta hara non, Tolosako (Okzitania) gorputegian zegoen, ikertzaileek begiratu zuten lehenengo lekuan. Iazko maiatzetik, gainera, identifikatu gabeko gorpuen etiketa zintzilik, hatz markak aztertzearekin nahikoa izan arren ordenagailuan argi gorria pizteko. Izan ere, Espainiako eta Frantziako poliziek donostiarraren hatz markak bazituzten jada, zulo batean aurkitu baitzituzten hilabete batzuk lehenago. Kartzelan 21 urte egon izanagatik ere, Anza ez zen oharkabean pasatuko ordenagailuarentzat.

Zentzugabekeria gehiago agerian utz daitezke bertsio ofiziala puntuz puntu aztertuz gero, baina, desagertzea ikertu dutenek azalpen bitxia baino bitxiagoa eman badute ere, demagun egia dela. Demagun intxaurrondotarra 2009ko apirilaren 29an topatu zutela, bihotzekoak jota, Tolosako lorategi bateko banku batean. Hori hala bada, Anza ikusi zuten azken eguna apirilaren 18a izanik, non egon zen hurrengo hamaika egunetan? Zergaitik jarraitu zuen Tolosan apirilaren 20an Baionara itzultzeko tren txartela zuenean? Zergaitik ez zen aurkeztu ETArekin zuen hitzordura? Norbaitek atxikitu al zuen denbora horretan guztian? Nork? Zer dela-eta? Bere borondatearen kontra? Zer gertatu zitzaion apirilaren 29an osasun egoera larri horretan agertzeko; agiririk gabe, mugikorrik gabe, hamaika egun lehenago zuen arropa berdinarekin…?
Hamaika hilabeteren buruan galdera nagusi bat egin bada Jon Anzari buruz, donostiarra non dagoen behin jakinda, hamaika galdera gelditzen dira orain egiteko… eta erantzuteko. Gerra zikinaren ordenagailuan, hatz marken beharrik gabe, argi gorria eragiten duten horiei galdetzen hasiko nintzateke ni.

Emakume Guztion Eguna

Rebeka Parras

Emakumeen Nazioarteko Egunaren mendeurrena ospatzeko eta aldarrikatzeko xedez, makina bat ekitaldi eta ekimen izan dira Bidasoaldean, Euskal Herrian, eta munduko txoko gehienetan ere. 1910eko Martxoaren 8an antolatu lehenengoz Emakume Langileen Nazioarteko Eguna; hots, Emakume guztion eguna.

Emakumeak (eta gaur Emakume hitzak letra larriz behar du izan) beti dira (eta izan dira) langileak; nahiz eta lan hori soldatapekoa ez izan. Etxeko lanak, umeak… de facto Emakumeen ardurapean egon dira beti. Azkeneko hamarkadetan gainera, lan horiez gain lan merkatuaren parte izatera pasa dira Emakumeak: erabateko prekarietatean lan egin behar izan dute, eta gizonak baino gutxiago kobratuta.

Kontuan hartzekoa da ere, prekarietate hau ez dela industriagune handietan edota merkataritza-kate multinazionaletan soilik ematen, gure inguruko bazter gehienetan errepikatutako egoera dela baizik.

Emakume gazteon kasuan gainera diskriminazio bikoitza pairatzen dugu: Emakume eta gazte izateagatik, hain zuzen. Datuek diotenez, Emakumeok lan mundura begira hezituagoak eta prestatuagoak gauden arren, gu baino %17 gehiago kobratzen dute gizonek (Hego Euskal Herriko Emakumeon kasuan, behintzat).

Bidasoaldean, Irungo Bilgune Feministak hamaika ekimen antolatu zituen larunbatean aldarrikapen guzti horiei bidea emateko asmoz. Herriz herri ideia horiek hedatzearekin hasi dira talde feministak, eta Munduko Emakumeen Martxarekin gailurrera iritsiko dira ospakizunak. Euskal Herrian, gaur abiatu dira emakumeak Iruñetik. Zazpi lurraldeak zeharkatuko ondotik, larunbatean iritsiko dira berriz Euskal Herriko hiriburura.

Puntu beltzei kolorea

Juanma Sarasola

Emakumeen kontrako indarkeria, Irungo hirian dauden ‘puntu beltzak’ edo emakumeentzako arriskutsuak direnak, emakumeen eskubideak, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekotasuna… hizpide izaten ari dira talde feministak urte osoan, baina bereziki orain, Martxoaren 8ra begira.

Horiek guziak ez ezik, datozen egunetarako ekitaldiak aurkeztu dituzte han hemenka. Irungo Bilgune Feministako kide batzuek, beltzez eta ‘ninja’ gerlariez jantzita agerraldia egin dute aste honetan Zabaltza plazan.

“Iluntasunean, gure atzean pausuak sentitzen ditugunean ez diogu korrikari ekin nahi. Ez ditugu arte martzialak ikasi nahi, ezta bortxaketen aurkako espraiez josi gure poltsoak. Gauez kalera ateratzen garen bakoitzean ez dugu gurasoak edo mutil laguna gure bila etortzerik nahi. Kalera beldurrik gabe atera nahi dugu! Gure burua babesteko beharrik gabe. Askatasunez mugitu nahi dugu, gure herritik, gure kaleetatik. Gauez eta egunez. Guztiok egina eta guztiontzat, emakume zein gizonezkonetzat den herri bat nahi dugu, eta eraikitzen lanean gaude”, azaldu dute Bilgune Feministako kideek, Oihana Llorente irundarraren eta Miren Lantz hendaiarraren ahotik.

Haien esanetan, ondo joaki da Irungo ‘puntu beltzen mapa’-ren osaketa, auzo elkarteekin batera elkarlanean egiten ari direna. Hiriko puntu arriskutsuak identifikatzeaz gain, herritarrak kontzientziatzea dute helburu, eta gertatzen diren eraso eta arazo horiei aterabidea emateko exijituko diete agintariei eta instituzioei.

Azken batean, puntu beltzei kolorea eman nahi diete, ez bakarrik feministek, beste hainbat herritarrek ere. Gauak edo iluntasunak inoren bizitza ilundu ez dezan.

Gauaz ere alai eta lasai ibili ahal izateko, zernahi gauzatan, errespetuz eta errespetatua izaten.

Miles de razones para seguir en marcha

Oihana Llorente

Estamos de nuevo a las puertas del 8 de marzo. Una nueva jornada del día Internacional de la Mujer Trabajadora colapsará los noticiarios y los reporteros dedicarán el día hacer preguntas estúpidas con las que llenar los telediarios. Y ya son cien jornadas igual.

El origen de este día se encuentra en la II Conferencia Internacional de las Mujeres Socialistas celebrada en Copenhague, en 1910. Clara Zetkin propuso entonces la resolución que estableció oficialmente el Día Internacional de las Mujeres.

Un siglo de trabajo y reivindicación que, pese a que ha dado sus frutos, tiene por delante un largo camino por recorrer, porque las mujeres aún tienen cientos de razones por las que seguir en marcha. La precariedad tiene rostro de mujer, y más aún en estos tiempos de crisis económica. El paro afecta con más crueldad a la mujer y la brecha salarial entre hombres y mujeres en un puesto similar va en franco aumento. Algo que no parece preocupar demasiado a las instituciones, y menos aún al circo de notables de Patxi López, que además de dar cobijo a personas que no saben qué es apretarse el cinturón, la voz de la mujer es testimonial, con tres representantes.

La violencia contra las mujeres ya se ha llevado la vida de tres vascas en los que llevamos de año y Nora sigue aún sin dar señales de vida. Los abusos, las violaciones y las vejaciones colman los periódicos a diario y no hay consejo asesor que se ocupe de ello.

Los derechos sexuales y reproductivos de las mujeres no están garantizados y, aunque a muchos se les llene la boca de buenas intenciones con la Ley del Aborto, esta práctica sigue estando tipificada en el Código Penal.

Estas son las razones por las que miles de mujeres del mundo han decidido ponerse en marcha, y en Euskal Herria no vamos a ser menos, del 8 al 13 de marzo la Marcha Mundial de Mujeres recorrerá nuestra geografía porque hay mucho que celebrar y más que reivindicar.

Post Navigation

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.