bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Archive for the month “Abendua, 2009”

Zorionak eta aurrera

Aitziber Zapirain

Bi urte baino denbora gehiago igaro da Hendaiako Gure Ikastolako gurasoek, ikastola berri baten eskaera luzatu zutenetik.
40 urte beteko ditu laster Hendaiako ikastolak, eta ezin uka oso egoera berezia bizi duenik egun. Alde batetik baikorra; handia, oso handia baita ikasle kopurua. Beste alde batetik ordea, atzera bidean dago. Zergatik? Baldintzei dagokienez, hastapeneko urteetara egiten ari baita atzera.
Hasierako bungalowak agertu dira berriz ere!
Orotara, 220 ikasle daude Gure Ikastolan. Zaharrenak, herriko etxeak Pausun duen egoitza batean egoten dira. Gazteenak berriz, orain dela hamasei bat urte hiri erdian eraiki zen ikastolan.
Espazio eskasia dela eta, kezkaturik daude ikasle, irakasle eta gurasoak.
Ahantsu hiru urteko epea daramate herriko etxearekin hitz egiten, konponbide bat aurkitu nahian. “Eman beharreko urrats guztiak eman ditugu, desmartxa osoa errespetatu dugu, eta idekiak izan dira aurkezturiko proposamenak” dio Txema Egiguren, ikastolako lehendakari ordeak. Azken hilabeteetan aldiz, ez arre eta ez so dago egoera. Hala, kalera ateratzea erabaki zuten joan den astean.
Asteazkenean, abenduak 16, Hendaiako herriko kontseilua burutu zen egunean, udaletxe aurrean bildu ziren ikasleak, gurasoak, herritarrak, irakasleak…Erreakzio bat nahi dute, denbora aurrera baitoa.
Albiste soil bat dirudi honek. Bitxia da ordea. Hendaiarrek euskaraz ikasteko nahia dute. Gurasoek beren seme-alaben hezkuntza euskaraz eta ikastolan izatea nahi dute. Litekeena da ordea, 2010.urteko irailan, askori sentitzen dut baina ez dugu leku gehiagorik esan behar izatea.
Nor ote horren erantzulea? Nor da erruduna? Euskaraz ikasi nahi duena? Hendaiako udala?
Trebeak gara oso, gure buruari ez beste bati errua botatzen, oraingoan aldiz zaila zait…
Poza ematen dit ikastolak kanpainarik egin behar ez izateak ikasleak erakartzeko. Urte ainitzetan, gure gurasoek bultzatu eta egindako borrokak ikaragarrizko fruitu onak eman ditu. Hauxe da, Hendaiako Gure Ikastolak bizi duen egoera alegia, horren islada. Zorionak eta mila esker beraz.
Amaitu aintzin, jakin ezazu irakurle, frantses hiztuneko gurasoak dituzten ikasleak direla egun gehienak hendaiako ikastolan (Gipuzkoatik etorritako askok, eskola elebidunera eramaten baituzte haurrak). Askorentzat xehetasun soil bat besterik ez bada ere, biziki baikorra da nire ustez. Luzea izan da eta zaila Ipar Euskal Herrian jendea gureganatzea. Ikastolan IKASI egiten dela konbentzitzea. Eta ikasitakoak fruitu onak ematen dituela frogatzea. Beraz Hendaiako ikastolan lekua dela eta zailtasunak badituzte ere, berriz ere Zorionak eta aurrera!

Euskararen erabilera(k)

Aritz Sorzabal

«Euskarak, komunikaziorako tresna den neurrian, beharrezkoa duena
erabilera da. Honen harira, Donostiako udal taldeek euskara erabiltzeko
konpromisoa hartzen dugu, gero eta gehiago, eguneroko lanean, agerraldi
publikoetan batez ere, baita herritarrei zuzendutako oharretan ere».

Abenduaren 3an ospatutako Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Donostiako udal taldeek aho batez onartutako erakunde adierazpenaren seigarren ataleko paragrafoa da hori. Zalantzarik gabe, albiste ona da Gipuzkoako hiriburuan erabaki hori hartu izana. Hitzetatik ekintzetara pasatzerakoan, ordea,dago tranpa, konpromiso hori ez baita egunerokoan betetzen.Irungo Udalari buruz, hots, Gipuzkoako bigarren herririk handienari buruz (bietan PSEk du alkatetza), beste horrenbeste esan daiteke. Behintzat, Jose Antonio Santano buru duen Gobernuak ez du ariketa demagogikorik egin oraingoan eta ez du erakunde adierazpenik proposatu ere egin. Horrek, hala ere, ez du esan nahi tranparik egiten ez duenik. Izan ere, euskara hizkuntza ofiziala den neurrian,Irungo Udalak euskal hizkuntza ez du egunerokoan bermatzen.

Baieztapen hori berresteko adibide sinple bat jarriko dut, euskal komunikabideetako kazetariok egun batean bai eta bestean ere pairatzen dugun eskubide urraketarekin lotuta. Hain zuzen ere,Donostiako eta Irungo udalek bidaltzen dituzten prentsa ohar eta deitzen dituzten agerraldi gehienetan euskarak ez du tarterik, euskal hizkuntza bermatzeko betebeharra duten arren. Paradoxa kilometro gutxira gertatzen da; Hendaian, alegia. Lapurdin euskara ez da ofiziala; hala ere, bertako Udalak prentsa ohar guztiak elebitan bidaltzen ditu. Kasu honetan, frantsesez eta euskaraz.
Halako adibideak egonda ere, Euskal Herriko hainbat udal, alderdi politiko eta erakunde (lehengo eta oraingo Eusko Jaurlaritza, besteak beste)ez dira gorritzen. Are eta gehiago, Euskararen Nazioarteko Egunaren gisako ospakizun bat datorrenean edo hauteskunde garaia iristen denean, euskararen bandera astintzen dute inongo lotsarik gabe, egun horietan euskararen erabilera zein garrantzitsua den aldarrikatzen baitute lau haizetara. Eta hala da, kaleko erabilera ezinbestekoa da, baina, esparru hori garrantzitsua den bezala, es igual de importante desterrar de una vez por todas la otra utilización del euskara, la eminentemente política. Ya es hora de dejar de pensar en euskara sólo para ganar votos, menos aún sin ni siquiera haber garantizado antes su utilización en el ámbito público. Gazteleraz esan behar izan dut, ea horrela enteratzen diren…

Antifaza erantzi eta feminismoan jantzi

Oihana Llorente

Egun hauetan ehunka emakumek Granada izan dute topaleku eta eztabaidagune bertan izan diren Estatu espainoleko Jardunaldi Feministetan. Sentsibilitate, ikuspegi eta nazio anitzetako herritarrek bat egin dute kontrajarriak diruditen kulturak adiskidetzen diren paraje ederrean. Alderdi askotan zerikusirik ez zuten pertsonak bildu arren, muinean badute lotura, argia gainera: emakume izate soilagatik diskriminatuak izatea eta horren jabe izatea.

Bateragarriak ez diruditen jarrerak ikusi dira eta askorentzat ulergarriak ere ez diren mila kontzeptu eta joerarekin egin dute lan. Prostituzioaren eztabaidak hautsak harrotu ditu eta beste makina bat gaitan adostasuna ere urruti egon da; partaide gehienentzat ordea, esperientzia aberasgarria izan da.

1979an Granadan bertan egindako lehen topaketa haietako emakume borrokalari asko han ziren aurtengoan ere, oraindik nekagaitz. Alta, erakundeek inposatzen duten itxurazko berdintasunak herritar guztiak bereganatu ez dituela ikusarazi da jardunaldi hauetan. Izan ere, belaunaldi berri andana zegoen han, antifaza kendu eta emakumearen zapalketa argi ikusi dute haiek, haren kontra altxatzeraino. Esperientziatik jan eta gazteriaren ilusiotik edan dute bertan, feminismoa gaurkotuz eta geroan izango diren erronkei aurrez begiratuz.

Granada, ordea, ez da feminismoaren bidaiak egunotan izango duen geltoki bakarra. Ez behintzat euskal emakumeentzat. Etzi Euskal Herriko emakumeek hitzordua dute Tolosan, 2001. urtean Leitzan hartutako bideari segida eta bulkada emateko asmotan. Euskal Herria eraldatzeko hautua hartu zen orduan, baina hori nola egikaritzen den aztertu nahi da orain, identitateak eztabaidagai jarriz Emakume Abertzaleen IV. Topaketa Feministetan. Emakumeek sentitzen, pentsatzen eta bizi dutena erantzi eta biluzgorritasun horretatik abiatuko da Tolosan identitateen jantzia josteko lana, beharrezkoak diren kolorea eta formak hautatu ondoren. Finean, geure burua eta Euskal Herria feminismoan janzteko parada izango da Tolosakoa.

Nerabetasunaren atarian

Rebaka Parras

Atzoko egunean Euskaldunon Egunkaria-ren jaiotzaren 19. urteurrena bete zen. ‘Hemeretzi urte bete eta hogeigarrenari ekingo lioke Euskaldunon Egunkaria-k gaurko egunez… 2003ko otsailaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionalak itxi izan ez balu’ zioen atzo Edurne Begiristainek Berria egunkarian.

Itxieratik ia zazpi urtera abiatuko da datorren astean Euskaldunon Egunkaria-ko hainbat kideen aurkako epaiketa. Abenduaren 15ean zehazki, sumario nagusiari helduko diote Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Zaila da norbaitek irudikatzea zer gerta daitekeen epaiketa honetan. Fiskaltzak berak kausa artxibatzeko eskatu zuen, ez baitzegoen arrazoirik hau aurrera eramateko. Hala eta guztiz ere, AVT eta Dignidad y Justicia taldeen herri akusazioak aintzat hartu eta hasitako prozesua bukaerara arte eramatea erabaki du epaileak.

Bidegabekeria zirudien, eta tamalez, oraindik ere dirudi prozesuak aurrera egin ahal izatea. Baina Euskal Herri euskalduna eraikitzen saiatzen direnen aurka dena da zilegi. Ez du inporta kazetariak edo editoreak diren, ezta politkariak edo beste mundu batekin amesten duten gazteak ere.

1990eko abenduaren 6an kaleratu zuen lehen zenbakia Euskaldunon Egunkaria-k. Euskararen aldeko apustu ziurra izan zen euskarazko kazeta hura. Denboran irauteko modukoa zela nabarmentzen zuen bi sumarioetan auzipetutako Iñaki Uriak Berria egunkarian egindako elkarrizketan.

Zenbaitzuk ezin dugu jaiotza hura oroitu. Ezin dugu jaiotza gogoratu umeen munduko parte ginelako. Halere, euskarazko kazeta argitara ematen zutenek, egunero belaunaldi berriekin heldutzen joatea espero zuten. Inoiz ez bezala, hortik aurrerako belaunaldi guztiak euskaraz informatuak izan zitezen ahalegina egiten zuten egunero.

Zaila zen norbaitek imajinatzea itxiera bide judizialetik etorriko zenik, jaio eta soilik 13 urtera nerabe haren bizitza etengo zutenik. Batzuek jaiotza ezin gogoratu, itxiera eta ondotik etorritakoa ezin ahaztu gabiltza: kazetariak, editoreak eta administrazio kontseiluko kideak atxilotzea, torturatzea, espetxeratzea, bigarren sumarioa, auzipetuen testigantzak, Donostian izandako kolore guztietako manifestazio jendetsua…

Gu ere, Euskaldunon Egunkaria bezala nerabeak, edo beharbada gazteen artean gazteenak ginen oraindik, baina gure egunerokoan informazioa euskaraz hutsez ematen zigun kazeta bakarra zen hura. Eskolan, eta institutuko hainbat klasetan irakasleei baliagarria suertatu zitzaiena.

Asteburu honetan, Sustrai Colina bertsolariak eta kazetariak Argia-n egindako elkarrizketan ondoko galdera egin zion Cuatro telebista kate espainiarrean lan egiten duen Iñaki Gabilondo Donostiako kazetariari: ’Erraza da zure herrian ixten diren egunkariei buruz hitz egitea?’. Gabilondok modu honetan erantzun zion: Ez zait zipitzik gustatzen, eta kasu hauetan, inora ez garamatzan zentzugabeko zerbait da.

Espainian ere, sumarioaren aurkako ahots kritikoak izan dira, baina nola ez, horrek ez du prozesua eten. Publikoki, berriak ematen dituen bitartean gauza bera esango al luke Gabilondok? Audientzia galduko luke orduan, Espainian egokitutako euskal kazetariak.

Atzoko egunean bi sumarioetan auzipetatutakoei elkartasuna adierazteko eta itxieraren aurka agertzeko, Azoka hustu plaza bete ekimena deitu zuen Egunkariaren Alde Kultur Elkarteak Durangon. Hamarnaka lagunek azoka utzi eta kanpoko plazan biltzea erabaki zuten. Tamalez, ez da azken bilkura publikoa izango, eta epaileak bukaerara arte eramaten badu prozesua, euskal gizarteak bukaerara arte eramango du erantzuna. Izan ere, astero bilkura publikoak, protestak, edota kantaldiak burutzen ari dira, eta epaiketa hasi eta asteburu horretan bertan Manifestazio Nazionala izango da Bilbon. Berriz ere, Egunkaria Libre! oihukatzeko, berriz ere auzipetuak bakean uzteko eskatzeko.

Post Navigation

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.