bidasoaldeko kazetariak

bidasoaldekokazetariak@gmail.com

Hitz gutxitan asko esan daitekeelako

Aitziber Zapirain

 

Ez daukat gauza askorik esateko. Edo agian, informazio gehiegi dut eta ez dakit nondik hasi. Edota baliteke idazteak ez deusetarako balio izatea. Batek daki.

Kontu da, udara iritsi omen dela, eta iraila arte, gero arte luze bat erranen dizudala irakurle.

Zer esan nahi du ordea uda iristeak? Lasaitasuna? Lan zamaren apaltzea? Edota uda garaiko lanari ekitea? Auskalo nork eta zein modutara onartu eta aplikarazten dituen lan baldintzak irentsi eta aplikatu behar izatea? Ez dakit. Ez. Ez dakit, ala ez dut jakin nahi?

Orain dela hilabete gutxi, euskal aktoresa baten iritzi artikulu bat irakurri nuen Berria egunkarian. Nahiago dut bere izenik ez eman. Izan ere, aktoresa ona dela esango nuke (niri hori iruditzen zait behintzat), berak idatzi zuena ordea, gogaikarria iruditu zitzaidan. Inguruan gertatzen ari zenari muzin egitea erabaki omen zuen, bere onerako. Bere lasaitasunerako. Bere, bere, bere… Egia da, aukera bat izan daitekeela. Baina niri pertsonalki ez zait gustatzen. Eta beharrik euskal jendarteak ez duela bere bidea aukeratu. “Hara-pentsa dezakezu- eta orain zergatik aipatzen du euskal jendartea?”.

Erantzun sinplea du galdera horrek. Aldaketa garaia delako. Eta aldaketa garai honetan, guztiok eman dezakegulako zerbait. Ohartu zaren bezala, dezakegu idatzi dut eta ez behar. Egon, inor ez dagoelako bortxatua. Baina nik uste dut, gehiegi, sobera pentsatzen dugula horretan. Norberak bere alorrean ekin diezaioke aldaketarako bidea. Izan euskararen inguruan, izan lan baldintzen inguruan, izan preso eta iheslari politikoak etxeratzean… zoritxarrez badakigu zerrenda oso luzea dela. Asko dagoela egiteko. Dena dela, gure artean dugu giltzarik eraginkorrena. Sekula santan kendu ezin digutena: itxaropena.

Itxaropenez lan eginez, borrokatzen ari garenaren aldeko aldarria lau haizetara irribarretsu hedatuz, egunen batean elkartuko dira Lorentxa eta Peio, Patxi eta bere ama. Mattin eta Oihane. Euskaraz erosi ahal izanen dugu ogia edonon, eta lanerako prest daudenak, alai aterako dira etxetik goizeko zazpietan.

Ikusten, hasieran esan bezala ez neukan gauza askorik idazteko. Baina ulertu nahi duenarentzat asko idatzi dut. Hitz gutxitan asko esan daitekeelako.

Besarkada handi bat irakurle bat, eta irailan itzuliko garelakoan, adiorik ez!

500 ez, ia 1000 urte nafar lurrak galtzen

Juanma Sarasola

Euskararen aintzinako mugetako batean, Atapuerca herriko lurretan, hasi zen Nafarroako Erresumaren -orduan Iruñeko Erresuma deitua- mendeetako gainbehera, auzokoen eraso eta inbasioen ondorioz. Burgos probintziako herri horren ingururaino iristen ziren garai batean euskal monarkiaren lurrak. 1054an Atapuercan izandako guduan galtzaile eta hila suertatu zen Gartzia nafar erregea, bere lurren defentsan. Nafarrek porrot egin zuten Leongo Erresumako eta Gaztelako Konderriko tropen kontra, hain justu Gartziaren anaia Fernandok gidatzen zituenen aurka. Gertakizun haietatik ia 450 urtera, aurten, Nafarroaren galeraren beste urrats garrantzitsu eta ezagunago bat, 1512an hasitakoa, gogoratzeko ekitaldiak egiten ari da herri ekimen bat. Zehazki, Nafarroako Erresumaren konkistaren 500. urteurrena gogoratzen -ez ospatzen- ari da, baina ez datorkigu gaizki oroitzea edota ezagutaraztea askoz ere lehenago hasi ginela estatu gisa egituratu genituen euskal lurralde naturalak galtzen, XI. mendean.

Euskaldunon hedadura gaur egun baino askoz ere haundiagoa izan zen erromatarrak iritsi baino lehen, Akitaniako eta Ebrotik hegoalderako toponimiak argi uzten duenez. (Eduardo Aznarren lan honek ederki azaltzen du Errioxatik Aragoirainoko euskal toponimia: http://www.errioxa.com/7_toponimia_rioja/toponima_rioja.htm#principales ). Kantabriako kostalde zati bat ez ezik, euskararen hedadurak ekialdeko mendietako bailara batzuk ere hartzen zituen, eta hortik hego-ekialderantz lerro imaginarioa eginez, Bureba eskualdea (Burgos), Errioxa, eta Soriako iparraldea. Hortik ipar-ekialdera eginez, Aragoiko iparraldea, Kataluniako Aran harana -Val d’Aran-… ziren euskal lurraldeak, eta Pirinioetatik gaindi lerroa eginez gero, haran horretantxe jaiotzen den Garona ibaiari segituz, hortik Bordele baino hegoalderaxeago, ibaiaren mendebaldetik Bizkaiko Golkorainoko lurralde guziak.

Baina lehenbiziko euskal monarkia -euskal estatua, beraz- sortu zutenerako, lurralde horietako askotan aspaldi galduak ziren euskara bizia -toponimoetan ez- eta euskal izaera. Orreagako segadako garaipenetik (778. urtea) 45 bat urtera, baskoi leinuek eta hauen senide eta bizilagun euskaldunek antolaketa zentralizatu eta hierarkizatua gauzatzea erabaki zuten. Hala, 824. urtean Eneko Aritza buruzagia egin zuten Iruñeko Erresuma deitu zutenaren errege. Nafarroako Erresuma izena 1150ean jarri zion Antso VI.a Jakintsuak.

Lurralde hedadura gorabehera ugari

Erresuma independente hark lurralde hedadura gorabehera franko izan zituen, batez ere Gaztelaren ekinaldi inperialistak zirela eta. Baina baita ere zenbait errege nafarrek behin-behinean eta ezkontzagatik izan zituztelako beren menpe euskaldunak ez ziren lurralde batzuk, hala nola Gaztela bera -orduan hedadura ttikiagoa zuena-, Leongo Erresumakoak, eta Bartzelonako konderrikoak. Lehenagotik, Pirinioetatik iparraldera, Baskoniako Dukerria -gerora egungo Ipar Euskal Herria eta Gaskoinia- esistitu zen. Lur horiek, edo horien zati batzuk, hainbat nagusi izan zituzten, hala nola frankoak, ingelesak -300 bat urtez-, nafarrak, eta azkenik, frantsesak.

Ez dugu ahaztu behar nafar erregeek Gasteiz herri koxkorrean Vitoria hiribildua, eta Hernaniko lurretan Donostiakoa sortu zituztela, Gaztelaren konkistaren aurretik. Gainera, garai hartan ez zegoen gaur egungo herrialde antolakuntza. Ipuzcoa -hala agertzen da lehen agirietan- gaur egun baino ttikiagoa zen eta Getaria zuen hiriburu; Urumeatik Bidasoarainoko lurrak ez ziren iputzak, ezta aintzinatean barduliarrak ere, baskoiak baizik. Nolanahi ere, Gipuzkoa osatu zenean nafar tenentzietako bat besterik ez zen, hots, txandakako jaunek gobernatuta, beti ere Nafarroako erregearen izenean. Gainera, Oñatiko jaurerria ez zen XIX. mendea arte Gipuzkoan sartu.

Gaztela eta Aragoi -Nafarroako Erresumatik sortu eta bereizitako erresumak- askotan aritu ziren elkarlanean nafarron kontra, bereziki une ahulak aprobetxatuz. Gaztela izan zen, halere, erasokorrena eta lurralde nafar gehien konkistatu zituena.

Gaztelak ederki asko jakin izan zuen erabiltzen nafar lurretan zituen aliatuak. Hala, barneko eta kanpoko elkarlanari esker Arabaren zati bat, Durangaldea, eta Gipuzkoa bereganatu zituen 1200 urte inguruan. Gasteiz hiriari bederatzi hilabeteko setioa egin ondotik menperatu zuen Arabaren zati nagusia; halere, beste zati bat, Arabako Errioxa eta Sonsierra deitua, ez zuen XV. mendea arte konkistatu.

Bizkaia, Erdi Aroan gaur egun baino ttikiagoa zen, Ibaizabal inguruko lurraldea zen; Durangaldeak berezko izaera zuen. Bilbo garai haietan Begoña elizatearen -herri baten moduko antolakuntza juridikoa- auzune bat besterik ez zen, Alde Zaharreko Zazpi Kaleetara mugatua. Ama herritik independizatu bazen ere, Bilbok ez du inoiz hiri titulua lortu. Bermeo eta Orduña ziren orduko bizkaitar ‘potentziak’.

Irun eta Hondarribia berreskuratu nahian

Nafar erregeak ez ziren besoak gurutzatuta geratu, eta maiz saiatu ziren euskal lurraldeak berreskuratzen. Adibidez, Noainen, Amaiurren eta Hondarribian izandako batailetan. Hondarribia 1521 eta 1524 artean Nafarroa independentearen barrenean egon zen berriz, hain zuzen ere nafar tropek, gaskoi eta alemaniar lanskenete aliatuekin batera Irungo Gazteluzar gotorlekua menperatzen porrot egin zuten garaitsuan. Hondarribia ere handik gutxira erori zen gaztelarren eskuetan. Alabaina, handik mende batzuetara zenbait herri amaren altzora itzuli ziren, tarte baterako bederen: Irun, Hondarribia, eta Lezo 1805 eta 1814 bitartean Nafarroa Garaiko herrialdean sartuta egon ziren. Hondarribiko portua oso garrantzitsua zitzaien Iruñeko agintariei, behiala berezkoa zuten itsasorako aterabidea.

1530ean, Nafarroa Beherea okupatzen segitzea oso zail egiten zitzaionez, handik erretiratzea erabaki zuen Gaztelako Erresumak. Nafarroako Erresumaren azken lurralde libreek (Nafarroa Beherea eta Biarno) 1620 arte iraun zuten burujabe, harik eta orduko Nafarroako eta Frantziako errege Henrikek hura monarkia frantsesean erabat barneratu zuen arte. Haatik, nafar oihartzunak ez ziren desagertu, zeren eta Frantses Iraultzak Ipar Euskal Herriko instituzioak desegin arte ‘Frantziako eta Nafarroako errege’ titulua izan zuten frantses erregeek. Eta gaur egun Biarnoko hiriburuan, Pauen, Parlement de Navarre izeneko eraikinak zutik dirau, Nafarroa Europako estaturik modernoetako bat izan zeneko garaiaren isla apala. “Navarre shall be the wonder of the world” (Nafarroa munduko miraria izanen da), idatzi zuen Shakespearek, XVII. mendeko Nafarroaren ezaugarriez eta ahalaz liluratua.

Hegoaldeko lurrei dagokienez, Nafarroa Garaiak atxiki zuen ‘nafar’ izena, ez, ordea, gainerako euskal lurraldeek, eta Erresuma ez independente izaera -autonomoa, euskal foruez hornitua- Gaztelaren eta gerora Espainiako Erresumaren menpe izaki ere,. Hori guzia XIX. mendeko azken laurdena arte.

Lurraldeak galdu eta galdu. Mehetzen doan gorputza, portxaz eta engainuz flakatuarazia, baina bihotz taupadak oraindik bizi-bizi dituena. Horra Nafarroako Erresumaren mendeetako patua. 500 urte ez, ia 1000 dira etengabeko galtze prozesua hasi zenetik. Zazpi probintzietan izan ezik, Errioxan atxiki zuten XIX. mendea arte euskal iraganaren kontzientzia ttiki bat -ez denek-, eta Espainiako Estatuaren barne antolakuntzan egungo lau euskal probintziekin batera egituratzekotan egon zen, baina azkenean ez zen halakorik gauzatu.

Nahikoa lan dugu gure azken lerro gorriei itxekitzen, eta utopikoa da behinolako nafar/euskal lurralde guziak berreskuratzeaz pentsatzea. Baina inork ez diezagula galarazi edota eragotzi gure herriaren historia ezagutzea eta horretan sakontzea, iraganeko lezioak hartze aldera. Segi dezatela bisigodo modernoek, nahi badute, beren aspaldiko ‘Domuit Vascones’ esaldi haundiuste bezain hutsala erabiltzen, benetan menperatu gaituztelakoan. Eta segi dezatela franko eta frantximent modernoak gu izorratzen. Ez zaigu ahaztu haien kontrako Orreagako garaipena. Eta ez ditugu begiak eta gogoak iraganean soilik. Indarrez eta etorkizunez betetako herri bizia gara oraindik.

Abiadura Handiko Galbidea

Juanma Sarasola

(Oharra: metronomoa edo hankak martxan jarri, eta neurri librean rap gisan irakurri)

Jaun/andere agintari
Ama Lurra hondatuz
etengabe ari eta ari…
Aurrerapenaren izenean
aurrerabide urri
sosak dantzan sakelean
eta kalte ugari,
Abiadura Handiko Trenean
ziztu bizian galbidean,
superportu, errausketa planta,
autobide-scalextric sarean…
zuen poltsikoetan diru-sari
herritarrak, aldiz,
arront larri,
zuen krisiari
aurre eginez
arrastaka, ezinean,
aterabide ehiztari.

Euskal izaeraren eremu xahar,
tradizio eta naturaren lotura hurbil,
bazterrera bizkor bota behar
baserri, larre, eta soro,
agintariek nahiago golf soropil,
lurrak oro
porlanpean bil,
asmoak zoro
heriotz ezkil,
agintari zakil:
zertan yabil?

LGV, TAV, edo AHT
gure lurrari zauria
sakondu diote,
bizkorrago joatea
aterabidea ote?
Herriak jendez hustu,
turistez bete,
laborariak baztertu
biztanlegoa zahartu
goikoen sakelak ederki puztu!

Jendeak dio: ‘Non au LGV’
agintari zirtzil
mais qu’est ce que tu veux?
‘AHTrik ez!’ dio herriak
inor ez da berez lurraren jabe,
ez gaitezen kuxkuxtu
nahiz ta ikus gorriak
aterik ate
elkartasun kate
goza dezagun bizitzaz
xuabe-xuabe
zertarako itsustu
gure ondare?

Zorionak!

Oihana Etxebarrieta

 

Saria jaso dute Jaizkibel konpainiak eta Irungo alarde ez baztertzaileak. Urte guzti hauetan aurrera egindako bideak izan du bere saria.

Alde batzuetatik entzun ahal izan dugu Emakundek aurpegia garbitzeko eman diola sari hau alardeei (iazko Hondarribiko ibilbide aldaketa babestu zuela eta …).  Baina bertan zeuden parte hartzaile guztiei aurpegia ikustea besterik ez zegoen, pozik zeuden, alai! Eta sari hori merezi zutela ikusten zen.

Ni ez naiz oso sari banaketa zalea izan inoiz, baina honako hau jasotzera joan ziren gazteen ilusioak beste guztia ahaztera eraman nau. Azken urteetan gazte pila bat batu dira konpainia mistoetara, eta borroka honetan daudela harro erakusten dute. Hasiera batean, argia bazen ere, Jaizkibel edo Irungo alarde ez diskriminatzailean parte hartzen zela esatea ez zen batere erraza gazteen artean. Eta orain ikus daiteke hori ere aldatzen ari dela.  Eta honek eragina dauka, inguru guztian.

Eta pozten naiz, gauzak poliki baina aurrera doazela ikustean. Hemendik zorionak ematea besterik ez zait geratzen, baina ez sariagatik; zorionak urte guzti hauetan berdintasunaren alde egindako lanagatik, zorionak gazte guztiei inguruan aldatzea lortzeagatik, zorionak lortuko duzuelako!

Polizia, berriro

Aritz Sorzabal

 

Donostiako Hernani kalea, 1977ko martxoaren 13a. Egun horretan amnistia aldarrikatzeko mobilizazioetara deitu zuten hainbat herritan. Izan ere, Frankismoaren osteko Trantsizio garaian murgilduta zegoen gizartea. Herritarrek kalea hartu zuten, presoen eskubideak defendatzeko; poliziek, bere aldetik, egun batean bai eta bestean ere, tiro eginda erantzun ohi zieten mobilizazioei. Testuinguru horretan, poliziak hurbiletik botatako gomazko pilota batek kalte handiak eragin zizkion garunean 20 urteko Jose Luis Aristizabal gazteari. Donostiarra Hernani kalean zegoen, baina ez mobilizazioetan parte hartzen. Biharamunean hil zen Aristizabal, ospitalean. Gomazko piloten lehen biktima izan zen Euskal Herrian.

Anoeta estadioaren kanpoaldea, 1995eko ekainaren 22a. Ehunka herritar elkartu ziren Bakearen Usoaren eskulturaren ondoan, bezperan Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren senitartekoen aurka erabilitako boztizkeria salatzeko. Leku berean, ETAk bahitutako Jose Maria Aldaia enpresariaren askatasuna eskatzen ari ziren beste batzuk. Ertzaintza Lasa eta Zabalaren familiari elkartasuna adierazi zieten pertsonei oldartu zitzaien. Une hartan, oldarraldiak eragindako istiluez ohartu ere egin ez ziren lagun batzuen aurka tiro egin zuen ertzain batek; bertatik bertara eta pertsona edadetuen aurka, lekukoek jakinarazi zuten bezala. Rosa Zarrak zortzi metro ingurutik jaurtitako gomazko pilota baten kolpea jaso zuen sabelaldean. Handik ospitalera eraman behar izan zuten, larri zaurituta. Kolpeak heste lodia gerarazi zion eta, aldi berean, infekzioa sorrarazi gorputz osoan. Hiru egun geroago hil zen emakume donostiarra.

Gomazko pilota baten kolpea jasota hildako azken euskal herritarra izan zen Zarra… joan den apirilaren 9a arte; Iñigo Cabacas athletic zalea hil egin zen egun horretan, lau egun lehenago Ertzaintzak larri zauritu eta gero. Hortaz, oraingoan ere historia errepikatu egin da. Arduradun polizial eta politikoak zigorrik gabe geratuko al dira berriro?

Pro eta segur

Aritz  Sorzabal

 

“Guretzat garrantzitsuena pertsonak dira, giza ondarea. Profesional onenak ditugu gurekin, ez bakarrik egoki trebatuta daudelako, baita talde lanean aritzeko izaera dutelako ere”. Prosegur enpresako lagunen hitzak dira horiek; euren webgunean zintzilikatuta duten konpromisoen adierazpena, hain zuzen ere. Martxoaren hasieran San Mamesen gertatutakoa ikusita, talde lanean aritzeko gai direla ez du inork ukatuko; hori bai, “pertsonak” eta “giza ondarea” babesteko baino, jipoitzeko helburuarekin.

Athleticen eta Realaren arteko partida bukatu eta gero, Prosegurreko zaindariak gogor oldartu zitzaien Bilbora hurbildutako realzaleei, estadiotik irten zitezen. Neurriz kanpoko jarrera hori zela-eta, inongo arrazoirik gabe bortizkeria erabili zutela ikusita, Realak enpresa horren aurkako neurriak hartuko zituela aurreratu zuen; epaitegietara joko zuela, alegia. Izan ere, lekukoak eta zaurituen mediku-agiriak baitituzte froga gisa. Sarreraren bat eskuratzeko hemezortzi ordu ilaran egon ondoren, eta epailearen lan kaskarraren erruz derbian porrota jaso eta gero, etxera kolpatuta itzultzea zigor gehigarria izan zen realzaleentzat.

San Mamesetik gertu, Leioan, antzeko egoera baten lekuko izan nintzen duela hogei bat urte. Autobusez bidaia egiten nuen Bizkaia aldera, realzale askok martxoaren 4ean derbia ikusteko asmoz egin bezala; unibertsitatera joateko, nire kasuan. Kazetaritza ikasteko egunero 200 kilometrotik gora egitea neketsua zen; eta etxera itzultzeko lehen autobusa hartzeko egin beharra zegoen ilarak ez zuen gehiegi laguntzen, itxaronaldia Anoetako leihatila aurrean hemezortzi ordu egotea baino arinagoa izan arren. Hori guztia gutxi balitz, campuseko segurtasun zerbitzuaren mehatxuak ez zuen lasaitasunerako denborarik uzten; ikasleek protesta egiten zuten gehienetan, indarkeria erabiltzen baitzuten gazteen kontra. Testuingu horretan izan nuen, lehen aldiz, Prosegurren eta bere menpeko Protecsaren berri. Bi hamarkada geroago, segurtasunaren izenean edo, bistan da enpresa horrek “profesional onenak” trebatzen jarraitzen duela.

Cloro, salitre, crema

Oihana Llorente

 

Recientemente he podido ver el documental que recoge el avance de la apisonadora del Alzheimer en la mente del expresidente de la Generalitat de Catalunya Pasqual Maragall. «Cuchara, bicicleta, manzana» es un emotivo reportaje que alerta de las duras consecuencias de esta desconocida enfermedad tanto en el enfermo como en sus allegados.

En un momento de la película, Maragall habla de «la magdalena de Proust», en referencia al proceso de evocar momentos del pasado a partir de un olor determinado. Como si de una máquina del tiempo se tratara, esta frase me hizo viajar a los recovecos más recónditos de mi memoria y tres olores envolvieron de inmediato mi mente.

El primero, el del cloro. Cada vez que percibo el hedor de este elemento químico, mis tripas se encogen y puedo observar cómo mi madre tira de una enloquecida niña a la que intenta meter a la fuerza en el maldito cursillo de piscina. Cabe destacar que mis casquetas causaron efecto y que nunca aprendí a nadar como se debe.

El salitre y la crema son los otros olores que desencadenan algunos de mis recuerdos. Con estos aromas en la mochila, mi memoria viaja a la costa catalana, donde veraneaba cuando era niña y todas las mañanas perseguía el perfume del mar a bordo de una colchoneta con la imagen de Snoopy. Una vez en la playa, y embadurnada por completo de crema, esperaba ansiosa a la avioneta que nos bombardeaba balones de una marca cosmética, rompiendo nuestras fortalezas de arena.

Cada vez que una mente se apaga, un testimonio, un testigo directo de nuestra historia se silencia. No vivimos de los recuerdos, tampoco por ellos, pero sin ellos, sin la transmisión de esas historias, vidas, no se podrían confeccionar las memorias colectivas.

A pesar de los avances tecnológicos, todavía somos incapaces de parar la pérdida del tesoro colectivo que supone la memoria. Mientras pueda, me aferro a la mía: Cloro, salitre, crema.

Aterpe bila Bidasoaren bi aldeetara

Juanma Sarasola

 

Gerretatik nahiz gatazketatik, hauen ondorioetatik, eta soldaduskatik ihesi joan izan dira euskal herritarrak mendeetan, beste hainbat herritako jendea bezala. Intsumitu, objektore, desertore… eta ondorioz errefuxiatu, ihesean atzemanak ez baziren, behinik-behin. Gazte nahiz zahar, gizonezko nahiz emakumezko, iheslari; izan ere, gizarte osoak pairatu izan ditu gerrak, batez ere zibil babesgabeek. Batzuetan aldez aurretik hanka egiten zuten gerrara joan nahi ez zutenek, eta beste askotan gerra hasita eta gain-gainean zutela itzuri joaten ziren familiak, leku seguruago baten bila. Gurean, Euskal Herrian, Bidasoa edo Pirinioak alde batera edo bestera zeharkatzea izan da herritar andana baten salbazioa… edo batzuetan kalbarioa.

 

Maiz besteen gerrak jasan behar izan ditugu, haietan borrokatzera behartuak izan gara, bando baten edo bestearen alde, eta askotan elkarren kontrako bando banatan armak hartuta, batetik Espainiaren menpeko euskal herritarrak, eta, bestetik Frantziaren uztarripekoak. Euskal anaiak elkar hiltzen, buruzagi arrotzen aginduetara.

 

Gure eskualdean, Behe Bidasoan, mendeak dira intsumitu, desertore eta errefuxiatuek ibaia, zubiak edota mendiak erabili behar izan dituztela beren buruak salbatzeko. Hala hegotik iparrera, nola alderantziz. Horren berri hainbat iturritan irakur dezakegu: bertsoetan, eleberrietan, agiri ofizialetan… Zenbaitetan modu nobelatuan kontatu izan dituzte egoera gogor horiek. Esate baterako, Frantses Iraultzaren ondorioz makina bat lapurtar, baxenafar eta zuberotar aterpetu ziren Gipuzkoan edota Nafarroan, frantziar jakobinismo etnizida eta homogeneizatzailearen atzaparretatik eskapo. Horixe azaltzen du Toti Martinez de Lezearen ‘Kate hautsia’ eleberriak, benetako gertaerak asmatutako pertsonaien bidez kontatuta.

 

Anjel Rekalderen ‘Dorregarai’ eleberrian, belaunaldiz belaunaldi arrazoi ezberdinengatik Bidasoa norantza batean edo bestean pasatu behar izan zutenen istorioak aletzen dira. Bigarren karlistadan Hego Euskal Herritik Lapurdira alde egindako gazte baten ondorengo bat antzeko egoeran aurkitzen da handik urte batzuetara, baina kontrako norantzan ihes egitekotan; izan ere, Frantziako armadari uko egin, eta intsumitu bihurtuta, Nafarroara hanka egiten du.

 

Hendaiako hiru kasu

 

Zer diren gauzak, nobela erakargarri hori irakurri eta hainbat urtetara, antzeko kasu bat ezagutu nuen Hendaian. Eta kazetari gisa, horren berri emateko aukera sortu zitzaidan Extefana Irastortza (sortzez Iribarren) ezagutu eta urte batzuetara, 2009ko irailean, hari egindako elkarrizketaren bidez. Zubernoa auzoko baserritar izandako amatxi olerkari horren esanetan, bere aitatxik 18 urterekin ihes egin zuen bere jaioterritik, Goizuetatik. Bigarren karlistada garaia zen. Hendaian gerizatu eta errotu zen goizuetarra, eta honen arreba bat –lanera edo– Gipuzkoara joan zen, Altzara -artean herri independentea zela-. Alabaina, halako batean Ganix (Jean) Iribarrenek -mutil goizuetarraren semea eta Extefanaren aita- beste gerra batean murgilduta ikusi zuen bere burua: I. Mundu Gerran. Armetara deitu zuen Frantziako Estatuak, eta Flandes aldera bidali zuten.

 

Zorionez, hango triskantzek ez zuten harrapatu, eta alaba bat jaio zitzaiolako 15 egunerako Hendaiara itzultzeko baimena eman zioten. Etxean zela, eta baimena bukatzear, aitak esan zion ez zuela zertan gerrara -hiltzera, beharbada- itzuli behar, eta bestelako aukera bat eskaini zion: Altzara joatea, izeba bizi zen baserrira. Beraz, emaztea eta alaba jaioberria atzean utzi, eta izebaren etxean hartu zuen aterpe Ganix gazteak. Bi urtez-edo igandero senar-emazteak Bidasoa ibaiaren ertz banatan egokitu, eta horrela elkar ikusten eta oihuka komunikatzen ibili ziren, harik eta ama, bi urte eta erdiko alaba altzoan, mendiz muga pasatu zuen arte, Berara. Gero Altzara, senarrarekin elkartzera. Han jaio zen Extefana, 1925ean, eta lau urte zituela Hendaiara itzuli zen Irastortza-Iriabarren familia. Ez zen, ordea, gerra hotsetatik libratuko. 1936ko gerra ibaiaren bestaldetik ikusi, eta berehala Hegoaldeko errefuxiatu ugari izan zituzten inguruan, Hendaiako karriketan eta kanpainetan (baserrietan). Gerra hura bukatu eta gutxira, zer eta nazien okupazio eta errepresioa. Bere familiak ez zuen errepresio zuzenik pairatu, baina hendaiar asko eraman zituzten alemanek, tortura guneetara edota kontzentrazio eremuetara. Hegoaldeko gudari eta miliziano askoren patua ere izan zen hori, hala nola Kepa Ordoki gudarien komandante irundarrarena. Honek bederen Gurseko (Biarno) kontzentrazio esparrutik ihes egitea lortu zuen, eta nazien kontrako erresistentzian Gernika Batailloia gidatu zuen gero.

 

Beste gerra bati ihesi joanda egokitu zen Lapurdin Mixel Berraren aita. Honek Astigarragakoa zuen aita, eta Espainiak Marokoko Rif eskualdean abian zuen gerrara joateko batere gogorik ez izaki, desertore egitea aukeratu zuen. Hendaian hartu zuen bizilekua, karrikan lehenik, eta Marizabalenea eta Olaso baserrietan gero.

 

Kote Ezenarro Hendaiako auzapez edo alkate izandakoak ere aita Hego Euskal Herrikoa zuen, 1936ko gerraren ondorioz errefuxiatu bilakatuta. Zenbat eta zenbat halako!

 

Gure herriaren memoria berreraikitzen ari garen honetan, eta instituzio batzuetatik ‘gatazkaren errelatoa’  idazteko hasitako lehia pil-pilean dagoen honetan (zenbaitetan ‘erre-lata’ izateraino ikuspuntu bakarra mediatikoki errepikatuta), ez legoke gaizki arestian aipatutako egoerak ere jasotzea eta antzekoak ikertzea. Guk eta datozen belaunaldiek jakin dezagun nondik gatozen eta zeren ondorio eta noren ondorengo garen. Atzerritarren eskuetan eta horien interesen mesedetan -eta etxekoen jokabide egoisten menpe ere- txotxongilo ezjakin eta inozo izateari utz diezaiogun.

 

P.S.: Extefana Irastortzari egin nion elkarrizketa duzue hemen:
http://xaun-enea.blogspot.com/2011/10/karrikakoak-frantsesez-mintzo-ziren-eta.html
Eta Gorka Knörren ‘Azken agurraren negarra’ kantua abiapuntutzat, ‘Berria’-ko ‘Matraka’ gehigarrian idatzi nuen erreportajea hemen:
http://xaun-enea.blogspot.com/2011/11/aberri-arrotzarengatik-hilak-morts-pour.html

2012ko Martxoaren 2ª

Oihana Etxebarrieta

 

Badaude egunak kalendarioan borobiltzeko modukoak, eta nik goian aipaturiko data hori borobil handiz eta morez marraztu dut.

Egun horretan Leitzan Emakume Abertzaleon V. topaketa nazionalak hasi ziren. Hiru egun izan dira, eta eduki feministaz beteta dakart maleta. Euskal Herriak egun bizi duen egoera politiko eta sozialaren aurrean, feministok egin beharreko ekarpenak lantzen eta eztabaidatzen ibili gara. Hasteko, beste herrialdeetako bizipenak ezagutu ahal izan genituen, eta amaierako egunean, gure estrategia fintzen hasi ginen. Bide luzea dugu egiteko. Eskubideen aldarrikapenak, feministak ere izan behar dutela argi ikusi genuen bertan bildutako ia 600 emakumeek.

Eskubideen bermean estrategia komun bat zehazten hasi ginen feministak, eta orain, hori ibiltzen hastea dagokigu. Inoiz baina argiago utzi dugu, herri askerik ez dugula izango herritar askerik gabeak, beraz, ekin diezaiogun bideari!

Honetaz gain, Ikoitz askatu zuten eguna izan zen ostiralekoa. Gazte independentisten kontrako sarekadan atxilotu zuten Iko. Ikasle Abertzaleakeko bozeramailea zen garaian, eta urteetan egindako lana kriminalizatu nahi izan zioten atxiloketa honen bidez. Bere delitua ikasle konprometitu eta borrokalaria izatea izan da. Harrotasunez esan dezaket, haren ondoan lanean ibili nintzela urte luzez. Kazetaritzako ikasgaietan elkarrekin pira egiten hasi ginenetik, Ikasle egunak eta baterajotzeak antolatzen amaitu genuen arte. Ikasle Abertzaleak elkartu gintuen, eta harro bezain pozik esan dezaket, ni ere bertan izan nintzela, zure alboan eta beste hainbat ikasle konprometitu eta borrokalariren alboan. Bolognaren atzaparrak erakusten saiatzen, Hezkidetza ikastaroak ehunka eskoletan ematen, Ikasle egunak ospatzen, Ikasleon nazioarteko egunak aldarrikapenez betetzen… Ohore bat da IAko kide izatea!

Bere bide berean ginen lagun ugari jota utzi gintuen 2010eko Urriaren 22ak. Goizeko ordu txikietan, ohikoa duten moduan, bere etxera sartu ziren eta ohetik aterata Madrileko zelda ilun bateraino eraman zuten bost egun amaitezin sufriaraztera. Horren ondoren, Soto del Realen espetxeratu zuten, eta beranduago Navalcarneron.

Bertan izan nuen aukera bera zu ikusteko, irribarretsu, berritsu,zure egunerokotasunaz, eta gure asteburu-pasaz hitz egiten aritu ginen besteak beste. Eta orain, berriro ere gure artean zaitugu Ikoitz! Emozionatuta nago, zu besarkatzeko momentua noiz helduko zain. Ongi etorri pitxin!

Ez gara ohiko ikasle…

12 amets, hamaika borroka, 10 urte

Oihana Llorente

 

Txikikeria bat izan da, ez hartu horrela! Nolakoa zaren, neska! Hamaika aldiz entzun ditut era honetako esamesak. Haserreak nire gorputza konkistatu eta xomorro arraro baten antzera sentitzen nintzen orduan, nirea, eta bakarrik nirea, zen arazo baten aurrean aurkitzen nintzela sinistuta.

Korrontearen kontra igeri egitea ez da lan samurra. Eta are korapilatsuagoa izan daiteke, parez pare duzun harresia, elkarrekin biribiltzen diren hesi desberdinetan sakabanatuta baldin badago. Herri gisa zapaldua, langile moduan baztertua eta emakume izateagatik ahanzturara kondenatuta. Horixe gure patua.

Hamarkada luze bat igaro da Leitza sentimendu gazi-gozo horien bilgune bilakatu genuenetik. Umezurtz ginela ulertu genuen bertan gutako askok.

Hausnarketa sakon, barre eta algara ugari, eta lan mardularen ostean Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zuten era askotariko emakume abertzaleek. Hain zuzen, borrokarako tresna eta topagunerako espazio bilakatuko zen armiarma sare morea.

Hamar urteetako ibilbide oparoa opari, Leitzara bertara itzuli eta leku berean ospatuko dute lagun askok bihartik aurrera Euskal Herriko Bilgune Feministaren urtemuga borobila. Eta hantxe jai eta parrandarako beta egongo den arren, urte hauetan guztietan egindakoa aztertu eta emakumeon askapenerako prozesua izango dute eztabaidagai. Besteren artean, gure mugetatik kanpo egon diren esperientziak ezagutu eta gurean bizi dugun agertoki berrian emakumeok jokatu beharreko paperaz aritzeko aukera egongo da heldu diren egunetan, baita egoera sozioekonomikoari hertsiki lotutako eztabaidak ondo baino hobeto artatzeko abagunea ere.

Hamaika egiteko ari gara. Horixe Bilgune Feministak aukeratutako leloa eta urteak egiten jarraitzeko ametsez eta borrokez beteko du asteburu honetan maleta.

Post Navigation

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.